Ordiziako Yoga Klasiko Elkartea 25. urteurrena ospatzen ari da
Ehunka lagunek hartu dute parte 25 urte hauetan zehar YOKE Ordiziako Yoga Klasiko Elkartean emandako yoga ikastaroetan; yogaren teknikei esker bizi kalitatea hobetuz.
Irailean zehar elkartea sortu zeneko urteurrena ospatuko dute. Barerna Kultur etxean yogari buruzko informazioa jasotzen duen erakusketa ikusgai dago astelehenetik. Horez gain, ordea, ate ireki saioak egingo dituzte datorren astean zehar yoga zer den ezagutu nahi dutenentzat. Astelehenetik ostiralera, taldeak osatuta, hainbat saio berezi izango dira.
Astelehenetik asteazkenerako saioetan Harold Sequeira Bombayko The Yoga Instituteko maisuak gidatuko ditu ikastaroak. Urriaren 11n gainera, Igartza Jauregian egun osorako mintegia prestatu dute. Hain justu ere Harold Sequeirak mantrei buruzko tailer trinkoa eskainiko du. Hainbat tradiziotako mantrak irakatsiko ditu eta norberak aukeratuko ditu gustukoenak edo eguneroko bizitzarako baliagarrienak iruditzen zaizkionak.
Yoga gizakiaren alderdi guztiak aztertu , ezagutu eta garatzeko metodologia gure eskuetan jartzen duen zientzia dela diote. Alderdi fisikoa, energiarena, emozioena edo mentala landu daitezke, baita espirituala ere. Eguneroko bizi erritmoak nahiz abiada azkarregiak, itsutu egiten gaitu sarritan eta yogak eten bat egiteko teknikak erakusten dizigu. Arazoen aurrean distantzia hartu eta beste sosegu batekin, objektibotasun gehiagorekin aztertzeko baliabideak jartzen dizkigu eskura. Yogaren bitartez, aldaketen aurerko emozio ezkorrak errazago kontrola daitezke, adi egoten irakatsi eta orekara itzultzeko bidea errazten duelako.
Gorputz ariketaz haratago doan zerbait da yoga. Asanak, gorputzeko giharrak luzatzeko ariketak dira, baina askotan pentsatzen da yoga hori besterik ez dela. Yoga klasikoak, ordea, gorputza eta buruaren arteko loturaz kontzientzia hartzen laguntzen digu; alderdi fisikoa, emozionala, mentala eta espirituala aldi berean garatzeko aukera emanez.
- Astelehena, 29: Oreka
- Asteartea, 30: Erlajazioa
- Asteazkena, 1: Meditazioa
- Osteguna, 2: Haur eta gazteentzat
- Ostirala, 3: Haurdunaldirako yoga
