Eskoziako erreferendumaren harrabotsak entzuten dira kontsultatik astebete pasa denean jada. Eskoziarren gehiengoak ezetz esan zion independentziari, eta aldea aurrez pentsatu baino handiagoa izan bazen ere –hamar punturen bueltan–, independentziari bai esan ziotenen kopurua aintzat hartzeko modukoa da, eskoziarren %45 inguruk baietz esan baitzion independentziari; 1,6 milioi eskoziarrek. GoiBerrik Goierri eta Eskozia konexioa bilatu du eta Eskozian urteak egin dituen urretxuarrarekin hitz egin du: Mikel Bastarrika. Alderantzizko bidea egite aldera, Eskoziarekin lotura duen adoptatutako goierritarra bilatu du, eta Andy McCulloch-ekin egin du topo, Zumarragan.
Bakoitzak gaiari buruzko bere ikuspuntua du. Bastarrikarekin Glasgow-erako bidaia da ondorengoa. McCulloch-ek Ingalaterran egon berritan Zumarragako eta Ingalaterrako begirada uztartuta hitz egin du Eskoziako galdeketari buruz.
Biei ala biei zaila egin zaie Eskoziako errealitatea Euskal Herrira ekartzea. «Hasteko eta behin, erreferenduma Edinburgok eta Londresek adostu zutelako», dio Bastarrikak Gasteiz-Madril-Paris ardatzaren arteko aldea iradokiz. McCulloch-en ustez, «Euskal Herriko egoerak beste osagai batzuk ditu, esaterako, etnikoak».
Eskoziako erreferendumaren inguruan gogoeta egin dute Bastarrikak eta McCulloch-ek, batak handik, besteak hemendik.
«Baiezko botoa esperantzarena izan da, eta ezezkoa, berriz, beldurrarena»
Mikel Bastarrika (Urretxu, 1974) 1998an joan zen Eskoziara, ikastera. Harrezkero bertan bizi eta lan egiten du, Glasgow-en, Eskoziako hiririk jendetsuenean, hain zuzen. Glasgow-ek baietza eman dio independentziari, baina ezezkoa aurrez pentsatu baino hurbilago izan du han ere. Berak bozkatu du, eskubidea zuen.
Glasgow hiriak zein berezitasun ditu Edinburgoren aldean?
Glasgow eta Edinburgo oso ezberdinak dira. Glasgow-ko aireak eta jendeak langile kutsu handiago dauka. Edinburgon turismoa eta finantzak dira nagusi, eta jendeak, nik uste, bizitzarekiko zein lanerako beste jarrera bat dauka. Glasgow ez da Britainiar inperioko bigarren hiriburua, hainbat eraikinek eta historiak berak gogoratzen duten bezala; baina badu potentziala. Bilbo-Glasgow eta Donostia-Edinburgo pareka daitezkeela uste dut batzuetan.
Erreferendumak ere bi hirien arteko aldea argi utzi du.
Glasgow-ek independentziari baietz esan dio eta Edinburgok ezetz. Edinburgok lotura handiak ditu Londresekin eta pertsona askoren etorkizuna Londresko enpresen etorkizunari lotuta dago; horietako enpresa askok independentziak gailenduz gero alde egingo zutela aurreratu zuten.
Zein giro sortu du egunerokoan Eskozian independentziaren inguruko erreferendumak?
Eguneroko elkarrizketetan ez da beste gairik egon, jendea politikari buruz aritu da etengabe. Independentziaren onurak zein arriskuak izan dituzte hizpide. Harritu nau, esate baterako, eskoziarrek inolako erreparorik gabe zer bozkatuko duten esan diotela elkarri.
1,6 milioi eskoziarrek baietz esan diote independentziari. Zergatik?
Parlamentua dute Edinburgon, hezkuntza eta osasun alorrean beren erabakiak hartzen dituzte, baina diru kontuetan Londresek agintzen du. Orain artean, zergak hara joan dira eta handik bidaltzen dute dirua gero bueltan. Eskoziar askok Londresek alde batera utzi dituela uste dute.
Zein da zure emaitzen balorazioa?
Duncan lagun eskoziarrari balorazio hori egiteko eskatu diot: «Diruak, botereak eta norberekeriak irabazi dio herritar guztientzako demokrazia sozial eta ekonomiko baten ikuspegiari. Nahasia gertatzen da herrialde honetan bizitzea, jakinik zure herrikideen erdiak baino gehiagok zurearen aurkako ikusmoldea dutela».
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Emaitza hauekin baliteke Londresek bere jarrera aldatzea. Datorren urte hasieran transferentzia horien legeak idatzita egongo omen dira; baina jende askok, ordea, ez du hori sinesten. Baiezko botoa esperantzarena izan da; ezezkoa, berriz, beldurrarena. Nahiz eta independentzia ez lortu, Eskoziak badu potentziala eta saiatuko dira eskoziarrak, Erresuma Batuaren barruan bada ere, beren kasa gizarte hau hobetzen. Hori da nik sinistu nahi dudana behintzat!
«Ingelesak konturatu dira eskoziar askok independentzia nahi dutela»
Andy McCullogh (Coventry, Ingalaterra, 1964) orain hamabi urte iritsi zen Zumarragara; bertakoa du bikotekidea. Ingeniaria bera, turismoa ogibide bihurtu du. Ingalaterran jaio bazen ere, gurasoak eskoziarrak ditu.
Zure gurasoak immigranteak izan dira Ingalaterran.
Bai. Euskal Herrira Estatu Espainiarretik fabriken gerizpera etorri ziren immigranteen antzera joan ziren gurasoak Eskoziatik Coventry-ra (Ingalaterra). Han, beste eskoziar ugarirekin batera, bizimodua egin zuten. Dena dela, gurasoak ederki egokitu ziren, eta herriminak ez zituen kikildu; eskoziar askok urteak egin dituzte Ingalaterran Eskoziako mendiei begira.
Orduan zu zer zara?
[Barre egin du] Ni ez naiz animalia politikoa, baina nire burua ingelestzat dut. Horrenbestez, nik ez nuen Eskoziaren eta Britainia Handiaren arteko dibortziorik nahi. Britainiarra naiz.
Ingalaterratik etorri berri zara; nolako giroa ikusi duzu han erreferendumaren atarian?
Oso interesgarria izan da han ikusi dudana, urduri baitaude, haserre. Orain artean ez dut halakorik ikusi, baina orain, itxura denez, eskoziarrak serio hartu dituzte eta haien independentzia asmoa benetakoa dela konturatu dira erreferendumari esker.
Zure ingeles zatitik, zein sentipen eragin dizkizu eskoziar askoren independentzia gogo horrek?
Niretzat statu quo-arekin haustura zen, eta independentzia ateraz gero, ondoren zer etorriko zen ez nekien. Ziurgabetasun horrek urduri jartzen ninduen.
Zergatik uste duzu eskoziar kopuru handi batek independentzia nahi duela?
Nire ustez, Eskoziak duen arazo handienetako bat da beraiek, hauteskundeetan ezkerrari ematen diotela botoa, eta, azkenean, beti Britainia Handian gailentzen den kontserbadore gehiengoak gobernatzen dituela. Londreseko Wesminsterreko legebiltzarrean toki gutxi dutela sentitzen dute. Eskoziarrak ingelesak baino hippie-agoak izan dira beti.
Zure aldetik ulertzen al duzu independentzia grina hori?
Bai, baina nire barruan gai honi dagokionean bihotzak baino gehiago arrazoiak agintzen du.
Erreferendumaren ondoren, behin ezetzak irabazita, zein gogoeta egiten duzu?
Britainiarrek, ingelesak buru, beldurra hauspotu dute eta estrategia horrek funtzionatu duela uste dut. Batik bat, Eskoziaren etorkizun ekonomikoaren gaineko izua hedatu dute. Hala ere, nire ustez, independentziaren aldekoena ez da porrota izan: Erresuma Batua gogoetara bultzatu dute, eta gainera, Cameroni autonomia gehiagoren promesa atera diote. Orain ikusteko dago betetzeko gai den ala ez.
Eskoziarren %85 inguruk eman du bozka, ez da marka txarra, ezta?
Ez horixe. Erreferenduma egin izana osasuntsua izan da, eredugarria erabat. Parte hartze marka guztiak apurtu dira eta hori albiste ona da. Orain, ingelesek gogoeta egin beharko dute, eskoziar askok independentzia nahi dutela konturatu baitira. Ingelesek ez dituzte eskoziarrak gorroto; han ingeles futbol talde bat dena delako txapelketatik kanpo geratzen bada, eskoziar talderik badago, ingelesek eskoziarren alde egingo dute.