Lazkaoko hogei baserrik herriko nekazaritzaren egoera islatuko dute etzi plazan, Basherri Eguneko azokan
Basherri Egunak hirugarren azoka-eguna ekarriko du, igandean, Lazkaora. Herriko nekazaritzaren irudia izango da, baserritarrek egiten duten lana erakusteko plaza. Izan barazkitan, izan gazta, txerriki, esneki edo gozotan, izan aberetan, igandean 09:00etatik 14:00ak arte azoka handia antolatuko dute, plazan.
Ganaduak eta janarien salpostuek osatuko dute feriaren bizkarrezurra. Plazaren erdian 11 baserritatik ekarritako abereak jarriko dituzte. Itxituretan ahuntzak, ardiak, untxiak eta oiloak; zuhaitz artean lotuta behorrak, behiak eta astoak.
Bestetik, estalpean bederatzi nekazarik jarriko dituzte postuak. Garaiko barazkiez gain, artzainek eta esnetegiek beren produktuak salduko dituzte.
Azoka 09:00etan zabalduko dute, salpostuekin eta abere erakusketarekin hornitua. 11:00etan, jende aurreko sukaldaritza erakustaldian ondoren pintxoetan banatuko dituzten jakiak prestatuko dituzte. Sagardo kupela ere irekiko dute. 13:00etan, bertako barazkiz betetako bi saskikada zotz egingo dituzte azokako erosleen artean. 14:00etan itxiko dute feria. Kaleko giroa musikaz alaitzen Lazkao Txiki eskolako trikitilariak ibiliko dira.
Gari lanak aurten ikusgai
Udalak et baserritarrek antolatzen dute jaia, Ingurumen eta Nekazaritza Batzordearen bidez. Urtero, antzinako lanbide edo lanketaren bat islatzen dute.
Enparandegi baserrikoek aurten ere lanbide eta gai jakin bat erakutsiko dute. Gari-lanak nola egiten ziren esplikatuko dute. Haria eta galtzerdiak egiten jardun ziren iaz, eta lehenengo urtean artoa makinaz aletzen eta artirina nola egiten zen azaldu zuten.
Iker Markinez sukaldari beasaindarrak (Ormaiztegiko Kukokoa), 1.000 pintxo prestatuko ditu, azokako produktuak erabilita.