Patxin eta Potxin
Goierriko beste hainbat herritan bezala, Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere San Migel jaiak ospatu dituzte asteburuan. Aurtengo jaiek, gainera, berezitasun bat izan dute: karparik jarri ez dutenez, eliza erabili dute jantoki bezala. Ostiralean hasi zituzten jaiak, suziri eta kanpaiekin eta larunbat goizean ere giro ederra izan zuten. Jabier Zeberio eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek egin zuten saioa, Joxe Elortza eta Peio Urdangarin trikitilarien laguntzarekin. Arratsaldean, berriz, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizunarekin gozatzeko aukera izan zuten haurrek.
Atzo ere izan zen zer ikusia Urtsuaranen. Aitor Urteaga eta Joxe Ugarteburu aizkoran aritu ziren, Iñaki Azurmendi eta Xabier Dorronsororen aurka. Urteagak eta Ugarteburuk irabazi zuten lehia. Horren gain, Xabier Aranburu
Guzta harri jasotzen aritu zen. Eguerdian, berriz, jaiez giro ederrean agurtzeko, herri bazkaria egin zuten bertsolari eta trikitilariekin.