Ampok 37 jokalariz osatutako taldea aurkeztu du, inoizkorik jendetsuena
Porrotarekin itzuli zen Ampo Ordizia asteburuan VRAC Quesos Entrepinaresen zelaitik. Goierriko taldeak 32-14 galdu zuen, Valladolidekoek markagailuan nabarmen nagusi izan ondoren. Jokatu dituzten hiru jardunaldietatik bat irabazi eta bi galduta, bost puntu pilatu dituzte goierritarrek. Sailkapenaren zortzigarren postuan dago Ampo Ordizia. Denboraldia hasi besterik egin ez den arren, asteburu honetan Bathco Rugbyren aurka jokatuko duten partidan irabaztera irtengo direla diote, «sailkapen buruan dauden taldeengandik asko urrundu nahi ez badugu».
Bizirik gabeko lehen zatia izan zen asteburuan Valladoliden jokatu zuten partidakoa. VRAC taldeak abantaila hartu eta partida bideratuta utzi zuen. Goierritarrak zelaian nagusi izan ziren arren, Valladolidekoek 22ra iristen ziren bakoitzean puntuatzea lortzen zuten. «Ezin dena da 10 metro baino gutxiagora 4 touche eduki eta bat ere ez lortzea, aurkarien eremura iristean puntuekin itzultzea beharrezkoa da, baina oraingoan ez da posible izan», diote klubeko arduradunek. Atsedenaldira markagailuan 20 eta hutsekoarekin iritsi ziren.
Hori gutxi balitz bezala, bigarren zati hasieran kolegiatuaren erabaki polemiko baten ondorioz goierritarrak bat gutxiagorekin gelditu ziren. Corey Simpson eta Phil Huxfordek garatu zuten estrategia jokaldia eta Dani Aizpun beasaindarraren entsegua izan ziren goierritarrek Pepe Rojon egindako lanetik nabarmentzeko modukoak.
Taldearen aurkezpen ofiziala
Denboraldiari hasiera emanda egon arren, joan zen ostiral iluntzean egin zuen Ordizia Rugby Elkarteak ohorezko mailako lehen taldearen aurkezpen ofiziala. Horretarako, babesle nagusi duten Ampo Kooperatibak Idiazabalen prestatu berri duen Kreatibitatearen Etxera gerturatu ziren klubeko ordezkariak, talde teknikoa eta jokalariak. Ampoko ordezkariekin batera egin zuten taldearen denboraldiko argazkia.
Taldeko jokalarien artean nabarmentzekoa bi profesionalen fitxaketa izan da. Danny Kroll australiarra Ordiziara itzuli da eta berarekin batera Hanno Kitshoff hegoafrikarra fitxatu dute. Postuak hobetzearren egin duten aldaketa dela azaldu zuen Santos Regil entrenatzaileak denboraldiaren aurkezpeneko prentsa agerraldian.
Inoiz ez bezala, aurten 37 jokalarira zabaldu dute taldea; 23 jokalari deituko dituzte partida bakoitzerako. Gehienak iazko jokalariak izango dira. Hala ere, beheko taldeetatik zazpi jokalari gazte igo dituzte lehen mailara; baina beste hainbat lekutatik etorritakoak ere sartu dituzte. «Goi mailan egoteko ditugun 37 horien erdiak Ordizian formatutakoak dira; datu pozgarria da hori, eta bide horretan jarraitu behar dugu», esan zuen Regilek.