Goi tentsioko linearen aurka protesta egingo dute Donostian urriaren 25ean
Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak antolatua, herri batzar irekia egin zuten joan den ostiralean, Seguran. Goierriko herri desberdinetako 60 herritar inguru bildu ziren Segurako plazan, Itsaso-Deikaztelu linearen inguruko hausnarketa egiteko eta aurrerantzean eman beharreko pausoak finkatzeko.
Bide horretan, protesta ekitaldi bat antolatzen ari da plataforma urriaren 25erako. Goierriko eta Nafarroako herritarrak bat eginda, Donostiako kaleetan «proiektua behin betiko bertan behera uzteko» eskatuko dute. Halaxe azaldu du Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak, eta herri batzarrean bildutako herritarrei protesta ekitaldi horretara joateko deia luzatu die.
Orain dela hiru urte sartu zen Itsaso-Deikaztelu goi tentsioko linearen proiektua udaletan, eta ordutik egindako protesta ekitaldien berri eman zuten ostiraleko batzarrean. Hiru urte hauetan udaletan mozioak onartu dira, mendi martxak egin dira, manifestazioak, hitzaldiak, eta beste hainbat ekitaldi mota. Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformaren hitzetan, ordea, «udalek eta talde sozialek bat egiteko unea da orain».
Isiltasuna apurtzeko garaia
Plataformak emandako datuen arabera, linearen aurka jarritako 14.000 alegaziok oraindik ez dute inolako erantzunik jaso. «Proiektuaren tramitazioan, momentu kritikoa da». Hori dela eta, erakunde desberdinek proiektuarekiko duten isiltasuna apurtzeko garaia dela adierazi zuten herri batzarrean. «Bakoitzak daukan postura garbi adierazteko garaia da».
Horrez gain, herri borondatearen garrantzia nabarmendu nahi izan zuten ostiraleko bileran. «Ezin da proiektu bat aurrera eraman, herri borondatea kontuan hartu gabe», adierazi du Goi Tentsioko Linearen Aurkako Plataformak.
Aurrerantzean jarraituko duten bidea azaldu ondoren, proiektuak sortzen dituen kezken inguruko galderak egiteko aukera izan zen. Plataforma gustura agertu da ostiraleko batzarrarekin. «Ekitaldi xumea, baina aldi berean berritzailea eta mugitua izan zen».