Goieniz zineklubekoek berrikuntzekin hasiko dute bihar ziklo berria
Beasaingo Usurbe Antzokian zine komertziala ematen dagoeneko hasi badira ere, bihar hasiko dute ikasturtea Goieniz zineklubekoek Guillaume y los chicos ¡a la mesa! filmarekin. Ilusioz hasi dute ikasturtea eta abenduaren 18a bitarterako, zortzi film aukeratu dituzte. Horiek amaitutakoan, Begirada izenarekin gabonetan egiten dituzten emanaldiak antolatuko dituzte, eta gero Aste Santuak arteko beste emanaldi sorta bat prestatuko dute, aurreko urteetan bezala.
Goizeniz zineklubaren aurtengo berritasunetako bat, emanaldiak bikoiztuko dituela da. Emanaldiak ostegunetan izango dira, lehena 19:00etan eta bigarrena 21:30ean. «Honekin, zineklubera etorri nahi dutenei aukera gehiago ematen dizkiegu, emanaldi batera etorri ezin badute ordutegia gaizki datorkielako, beste aukera bat izan dezaten», diote Goienizeko kideek. «2001etik ikuslego fidela izan dugu, baina, jakin badakigu ikusle hauen bizi-egoera aldatu egin dela azken urteetan: seme-alabak izan dituztela, aitona-amona direla, familietako aldaketak… eta horregatik, bi emanaldi egin eta etortzeko aukera gehiago eman nahi dizkiegu».
Emango dituzten filmen artean ez dute hari zehatzik jarraituko, baina beti saiatzen dira zirkuitu komertzialetik kanpoko film sarituak eta berriak ekartzen. «Eduki askoko filmak ekartzen saiatzen gara, gehienak hemendik kanpokoak, eta bertsio orijinalean ematen ditugu», diote.
Antzokia ere berrituta
Antzokian bertan ere hainbat berritasun daude aurten: Led argiztapena jarri dute, haurrentzako kuxinak erosi dituzte, satelite bidezko banaketa-sistema instalatu dute eta soin mahai eta mikrofono berriak ere badaude. Baina, ikuslegoaren arreta gehien erakarri duen berrikuntza, krispetak egiteko makina eta snack-en mahaia izan dira. «Sartu orduko usaintzen da palomita usaina, eta jendea erakartzen du», diote antzokiko kudeatzaileek.
«Ateak zabalik ditugu»
Zazpi-zortzi lagunek osatzen dute zinekluba egun, baina, jende berriarentzat «ateak zabalik» dituztela ere gogorarazi dute Goienizeko kideek «ondo etortzen delako ideia berriak eta ezberdinak dituen jendearen iritziak entzutea», diote. Facebook bidez eta euren blogean filmen inguruko informazio gehiago dago.
Filmak
- Bihar. Guillaume y los chicos ¡a la mesa!.
- Urriak 16. Nynphomaniac II.
- Urriak 23. A 20 pasos de la fama.
- Azaroak 6. Ida.
- Azaroak 13. Pelo malo.
- Azaroak 27. Quai d’Orsay.
- Abenduak 4. De caballos y hombres.
- Abenduak 18. The act of killing.