25 urte yogaren bidetik
«Behin yoga ikastaro bat eginez gero, har hori barruan geratzen da». Hala dio Mari Karmen Odriozolak, Ordiziako Yoga Klasiko Elkarteko (Yoke) irakasleetako batek. Izan ere, har horrek bultzatu zuen, hain justu, elkartearen sortzailea –ez du izena aipatzerik nahi– proiektu hori gauzatzera, orain 25 urte.
1981ean hasi zen guztia, Harold Sequeira Bombayko The Yoga Institute eskolako irakaslea Donostiara joan zenean. Yogaren inguruko hitzaldia egin zuen, eta bertan zen Yokeren sortzailea. Orduan piztu zitzaion barneko har hori, eta Bombayra joatea erabaki zuen, Sequeiraren eskolara. Yogaren teknika batzuk sakondu zituen han, eta, Ordiziara itzuli zenean, bera hasi zen eskolak ematen.
25 urte pasa dira ordutik, eta mende laurden honetan ehunka ordiziar pasa dira Yoke elkarteak Barrena etxean ematen dituen eskoletatik. Bigarren solairuko gela handi batean biltzen dira, eta denen artean saiatzen dira yogako tekniken bidez eguneroko arazoetatik distantzia hartzen. Horixe baita yoga Odriozolaren esanetan: «Eten bat egin, eta buruaren alde batetik bestera saltoka dabiltzan pentsamenduetatik distantzia hartzea».
Urte hauetan elkartea ere handitzen joan da. Hasieran irakasle bakarrak ematen zituen eskolak, baina orain bost bat irakasle daude. Bestalde, Goierriko beste herri batzuetara ere hedatu da elkartea. Besteak beste, Zaldibian, Lazkaon, Amezketan eta Ataunen eman izan dituzte eskolak. Urtearen araberakoa izaten da, ordea, beti ez baita taldea osatzen.
Denek egiteko modukoa
Lasaitzeko asmotan joaten dira ikasle gehienak yoga eskoletara. «Esaterako, irakasle asko etortzen dira, estresagatik», azaldu du Odriozolak. Yogak, ordea, lasaitzeaz gain, beste gauza askotarako ere balio dezake. «Meditazioaren bidez, nork bere burua estimatzen, garrantzia duten gauzei garrantzia ematen eta besteak albora uzten ikasten da».
Pertsona bakoitza ezberdina da, ordea, eta bakoitzari modu batean edo bestean lagun diezaioke yogak. Kontzeptu hori argi utzi nahi izan du Odriozolak. Dena den, yoga lagungarria dela ez du du zalantzan jartzen. «Yogan eguneroko disziplina izateak, bizitzako edozein momentutan beste jarrera bat hartzeko gaitasuna ematen digu».
Ordu eta erdiko eskolak ematen dituzte Yoke elkartean. Teoria apur bat azaltzen dute batzuetan, eskoletan erabiliko dituzten hitz garrantzitsuenen esanahia azaltzeko. Gainerakoan, meditazioa, assanak (yogako ariketak) eta erlaxazioa lantzen dituzte. Noizbehinka taldean ere hitz egiten dute, ariketekin nola sentitu diren jakiteko.
«Yogan beti esaten da burua eta gorputza lotuta daudela erabat: gorputza malgutzen baduzu, burua ere malguago izango duzu», adierazi du Odriozolak. Hala ere, ariketak egitean ez da gorputza behartu behar. Kontuan izan behar dira bakoitzak dituen mugak. «Bakoitzak ahal duen neurrian egin behar ditu ariketak». Posizioek garrantzia izan arren, bakoitzak bere buruarekin konektatzeko duen ahalmena baita garrantzitsuena.
Eskola guztiak, euskaraz
Azken 25 urte hauetan yogaren kontzeptua ere gero eta ezagunagoa da, eta jende gehiago animatzen da eskolak hartzera. «Orain sendagile eta pediatra asko ere hasi dira yoga egiteko agintzen». Odriozolaren, esanetan, hala ere, boladak izaten dira: urte batzuetan gora egiten du ikasle kopuruak, baina behera besteetan.
Gutxi ala asko, dituzten ikasleek asko laguntzen dute Yoke elkartean. Esaterako, 25. urteurreneko ekitaldietan eta testuak euskara itzultzen. Izan ere, Yoke elkarteak euskaraz ematen ditu eskola guztiak. «Norbaitek euskaraz ez badaki, irakaslea albora joan eta itzuli egiten dio».
Oraindik ez dute aurtengo ikasturtea hasi, baina urrian ekingo diote eskolak emateari. Dena den, elkartearen 25. urteurren honetan goierritarrak yogara hurbiltzeko asmoz, ate irekiak izan dituzte aste osoan zehar. Interesa zuen orok, hortaz, yogaz gozatzeko aukera izan du Barrenan: oreka, erlajazioa, meditazioa, haurrentzako eta gazteentzako yoga eta haurdunaldirako yoga landu dituzte. Odriozolaren ustea egiazkoa bada, yoga probatzen duenari harra geratzen zaiola barruan, alegia, aste honetan ate irekietan parte hartu dutenek barruan izango dute dagoeneko yogaren harra. Hala bada, eskura izango dute Ordiziako Yoke elkartea, orain ez bada etorkizunean, barreneko har hori gustu handiz asetzeko.