Herrien artean bertsoka
Elkarlanak eman du fruitua. Goierriko eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolak indarrak batu eta Goierri osoko herrien arteko bertsolari txapelketa antolatu baitute: II. Atera herri arteko bertso txapelketa. 2007an Goierriko bertso eskolak antolatu zuen Atera lehiaketaren jarraipena izan nahi du lehiaketak. Bertsolarien artean erantzun ona izan du lehiaketak, eta 11 talde osatu dira. 15 urtetik gorako 33 bertsolari ariko dira kantuan, urriaren 10etik azaroaren 14ra bitartean.
Elkarlanak eman du fruitua. Goierriko eta Urretxu-Zumarragako bertso eskolak indarrak batu eta Goierri osoko herrien arteko bertsolari txapelketa antolatu baitute: II. Atera herri arteko bertso txapelketa. 2007an Goierriko bertso eskolak antolatu zuen Atera lehiaketaren jarraipena izan nahi du lehiaketak.
Bertsolarien artean erantzun ona izan du lehiaketak, eta 11 talde osatu dira. 15 urtetik gorako 33 bertsolari ariko dira kantuan, urriaren 10etik azaroaren 14ra bitartean. Bertsolari gehienak bertso eskoletan dabiltzanak eta aritutakoak dira.
Bertso mugimendua
Bertsolari gazteei jendaurrean aritzeko aukera eman eta Goierriko gazteen artean bertso mugimendua sortzea dira, besteak beste, Atera lehiaketaren helburuak. Urretxu-Zumarraga aldean Martxoan Bertsoa lehiaketari esker mugimendu handiagoa dago Ainhoa Mujika bertsolariak dioenez. «Ikusi besterik ez dago, zenbat talde prestatu diren lehiaketarako: Urretxu-Zumarragan hiru eta Gabirian bi». Goierri behean, berriz, hutsunea dagoela ikusten du: «Gazte asko dabiltza bertso munduan era batera edo bestera sartuta, baina tristea bada ere, ez gara elkartzen. Bertsolari batzuk, adibidez, beste eskualde batzuetara joan behar izaten dute bertsotan entrenatzera», gaineratu du Mujikak. «Astindu bat eman nahi diogu Goierriko bertso mugimenduari».
Gazteak
Batez ere, bertsolari eta bertsozale gazteengana gerturatu nahi dute. «Bertso eskolan talde asko ditugu eta umeengana iristen gara. Herrietan bertso saioak ere antolatzen dira eta helduak joaten dira. Baina tartean gazteen multzoa geratzen da; horiengana iritsi nahi dugu Aterarekin». Era horretan, lehiaketaren kanporaketak taberna giroan jokatuko dira, «parte hartzaileen lagunak gerturatzeaz gain, poteoan dabitzanak ere gerturatzeko».
Elkar ezagutza
II. Atera lehiaketaren aitzakia hartuta, bertsolariak eta bertsozaleak elkar ezagutu, eta «elkar ezagutza horretatik elkarlana bultzatu» nahi dute bi bertso eskolek.
LEHIAKETA
- 11 talde, 33 bertsolari. Urretxu-Zumarraga (3 talde), Gabiria (2 talde), Zegama, Segura, Ataun-Legazpi, Ormaiztegi-Urretxu, Zaldibia-Legorreta eta Beasain-Ordizia taldeek hartuko dute parte. Talde bakoitza hiru bertsolarik osatuko dute.
- Hiru fase. Lehenengo fasean lau kanporaketa jokatuko dira, tabernetan. Bigarren faseko bi saioak elkarteetan jokatuko dira, eta finala,azaroaren 14an Zaldibiako Herri Antzokian.
- Gaiak.Saio bakoitza jokatuko den herriko bertsolariak eta bertsozaleak elkartuko dira eta hurrengo saiorako gaiak prestatuko dituzte. Fase bakoitzean ariketa desberdinak egingo dituzte bertsolariek.
- Epaimahaia. Saio bakoitzean jokatuko duten herri bakoitzeko ordezkari bana eta 2-3 epaile neutrok osatuko dute epaimahaia. «Berdinketaren kasuan, epaile neutralek hartuko dute erabakia, elkarrizketaren bitartez».
Kanporaketak eta finala
Hiru fasetan jokatuko da II. Atera bertsolari txapelketa. Lehenengo fasean, urriaren 10etik 24ra bitartean, lau kanporaketa jokatuko dira, 23:00ak aldean hasita. Saio bakoitzetik talde bat sailkatuko da bigarren fasera. Azaroaren 14ko Zaldibiako finalean parte hartuko duten bi taldeak, Segurako eta Urretxuko saioetan aukeratuko dira. Saioak doakoak dira.
- Urriak 10, Zegaman: Zegama, Segura eta Gabiria2 taldeak lehiatuko dira.
- Urriak 17, Ormaiztegin: Ormaiztegi-Urretxu, Urretxu 3 eta Zaldibia-Legorreta.
- Urriak 18, Ataunen: Urretxu 2 eta Ataun-Legazpi.
- Urriak 24, Ordizian: Ordizia-Beasain, Urretxu-Zumarraga 1 eta Gabiria-Antzuola.
- Azaroak 1, Segura: Zegamako eta Ormaiztegiko saioko talde irabazleak ariko dira.
- Azaroak 8, Urretxu: Ataungo eta Ordiziako talde irabazleak ariko dira.
- Azaroak 14, Zaldibia: Finala Zaldibiako herri antzokian.