Euskararen zapalkuntzari buruzko erakusketa ikusgai dago Ormaiztegiko Kultur Etxean
Gaur hasi eta ostiralera arte dago Euskara ospeletik eguterara: Hizkuntza zapalkuntzaren memoria erakusketa ikusteko aukera, kultur etxeko aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Norberak irakur ditzakeen hamabi panelez osatua dago. Dena den, bihar eta ostiralean bisita gidatua egingo dute erakusketa azaltzeko, 18:30ean. Gaur eta etzi, berriz, dokumentala proiektatuko dute aretoan bertan, 18:30ean.
Euskararen aurkako zapalkuntzak azken mendean izandako ezaugarriak eta utzitako ondorioak agertzen dituzte erakusketa osatzen duten panelek. Besteak beste, hizkuntza desagerrarazteko erabili diren bideak ageri dira: eskola, debekua, presio ideologikoa… Zapalkuntzaren adierazle diren garai ezberdinetako lekukotasunak ere jaso dituzte paneletan.
Telebista bat ere jarri dute erakusketan, eta lekukotasunen grabazioak ikus daitezke bertan, uneoro. Foru Aldundiaren bidez ekarri dute erakusketa Ormaiztegira, eta Goierriko beste herritan ez da ikusteko aukerarik izango.