Herriko eragileengandik jasotako proposamenetatik 41 lehenetsi ditu Udalak
Ordizia Zabalik partaidetza prozesuaren balorazioa egin dute gaur goizean Ordiziako Udaleko ordezkariek. Ekainaren 19an aurkezpen ekitaldia egin eta urriaren 2an amaitu zen prozesuari buruz balorazio “baikorra” egin du Igor Eguren alkateak. Ordizian 60tik gora talde eragile badaude, 50ek hartu dute parte bileretan.
Izaro Intsausti eta Belen Maiza zinegotziekin batera atera da Eguren prentsaurrera. Egurenen esanetan irailaren 18an egindako lehen lan bileran askotariko 295 proposamen aurkeztu zituzten eragileek, 114 norberaren taldeen beharretara egokituak eta gainontzekoak herrira begirakoak. Guztiak teknikariekin batera aztertu eta eztabaidatu dituzte udalean eta, ondoren, horietako 41 lehenetsi. “Prozesu honen helburua da herriak dituen beharrei aurre egiteko eraginkorrak diren proposamenak lehenestea eta gauzatzea”, azaldu du Egurenek. Hala aurrekontura eramangarriak diren egitasmoei “etiketa ekonomikoa” ere jartzen ari direla aurreratu du. “Badira batzuk gogoeta edo azterketa sakonagoa behar dutenak, eta horretarako gaituta dauden batzordeetan aztertu beharko direnak. Eta beste batzuk dagoeneko abian daude. Lehenetsi diren guztiak herriari egiten dioten ekarpenari dagokionez zein ekonomikoki baloratuak izan dira”, gaineratu du.
Bestalde, prozesuan landu ez diren proposamenak aztertzeko eragileekin banakako bilerak ere egingo dituzte aurreratu du alkateak. Udalak argi du proposamen horietan hurrengo urteetara behar batzuk ere zehazten direla, eta gauzagarriak direla. Hain justu ere, 41 proposamenekin landu duten dokumentuaren helburua bada datozen urteetarako abiapuntua jartzea.
Auzoz auzoko prozesuaren hasiera
Herriko eragileekin egin den prozesuaren osagarri gisa, atzo eman zioten hasieran Auzoz Auzoko parte hartze prozesuari. Izaro Intsaustik azaldu duenaren arabera aurreko bi prozesuen “balorazio oso positiboa” egin dute, eta aurten er eildo berean lanean jarraitzeko konpromisoa du udalak. “Herritarrei bileretan parte hartzeko dei egiten diegu, haien iritziak eta ekarpenak garrantzitsuak baitira Ordizia hobetzeko”.
Bi prozesuok helburu bera dute, 2015eko udal aurrekontua ahalik eta parte hartzaileena izatea. Hala, Ordizia Zabalik prozesuan jasotako egitasmoak, bizilagunekin batera landu eta osatuko dituzte.