Jon Erguin, irabazlea
Ehun lagun inguruk parte hartu zuten Arriarango Mendi Duatloian, larunbatean. Eguraldi ona lagun, 16:00etan hasi zuten proba, eta Jon Erguin beasaindarra izan zen lehena amaitzen, 01.07.07 denborarekin. 39 segundo baino ez zizkion atera Julen Larruzeari. Hirugarren sailkatua, berriz, Ander Perez izan zen; Erguin baino bi minutu eta 52 segundo beranduago iritsi zen helmugara.
Emakumezkoen artean, Meritxell Henales izan zen lehen sailkatua, 01.35.36 denborarekin. Hiru minutu eta erdiko aldea atera zion bigarren emakumeari, Esti Garciari. Laura Perez, berriz, Henales baino sei minutu beranduago heldu zen metara.
Intxaurpe elkarteak antolatzen du Arriarango Mendi Duatloia, aurten laugarren urtez. Euskal Herriko zirkuituaren barruan sartzen da proba, eta hiru zati izaten ditu. Lehenik, 4,21 kilometro egin zituzten korrika parte hartzaileek. Ondoren, bi buelta eman zizkioten 6,78 kilometroko ibilbideari, eta, azkenik, beste 2,71 kilometro egin zituzten korrika. Hiru zatiak mendiko ibilbideetan barrena egin zituzten.
Parte hartze handia. Antolatzaileak pozik agertu dira, lasterketako parte hartzea handia izan zelako, eta dena ongi atera zelako. Sari banaketak amaitutakoan, berriz, merienda egin zuten parte hartzaile guztien artean.