Zaldibiarrak festaren ardatzean dira gaur, Santa Fe egunez
Santa Fe eguna ospatzen ari dira zaldibiarrak. Ostiralean hasi zituzten jaiak, eta lehen txandak bihar arte iraungo du. Ondoren, datorren larunbatean Elkartasun Eguna geratuko zaie.
Gaur, zaindariaren festaburuan, ohiko kalejira izan dute, eguerdian. Herriko trikitilariak (Xapre, Joxe Antonio Irastortza Furriela, Izaro Jauregi…) elkartu dira, eta haiekin batera Amaia Agirre eta Aitor Sarriegi bertsolariak ibili dira. Haurrek bazkaria egin dute, Guraso Batzordeak antolatuta. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, puzgarriak izango dira haurrentzat, pilotalekuan. 18:30ean, Trapu Zaharrak taldeak Konga kale ikuskizuna egingo du.
Bihar, etenaldiaren aurretik, 11:00etan zezenak eta pottokak aterako dituzte plazara. 12:00etan jubilatuentzat hamaiketakoa dago, eta ondoren Zaldibiako trikiti eskolakoen kalejira. 18:00etan, Zaldibiako pilota eskolako haurrek partidak jokatuko dituzte.
Hasierari dagokionez, ostiral iluntzean haurrek danborrada erako desfilea egin zuten, Olaldetik plazara, mondeju osagaiak bidea batuz. Txupinazoa botatzeko aukeratuak Juan Mari Olano eta Aitor Irastortza izan dira aurten. Bertsoz ireki zuten egitaraua, biek ala biek.
Larunbatean, berriz, lau t’erdiko pilota txapelketa ofizialaren aurrekanporaketa jokatu zuten Restin. Aritz Lasa urretxuarrak 22 eta 18 irabazi zion Mendizabal III.ari, eta txapelketako kanporaketa-koadroan sartu da.
(Argazkilariak: Janire Arrondo, Asier Zaldua, Aimar Maiz).