Irakurritakoa taldean aberastu
Irakurtzerakoan, liburuan barruraino sartu eta imajinatzeko gaitasuna, ulertzeko gaitasuna, interpretatzeko gaitasuna du irakurle bakoitzak. Bada, pentsa, pertsona bakoitzak irakurketa berari ateratako zukua elkarbanatzea zer izan daitekeen. Horixe da irakurle taldeek egiten dutena.
Beasainen irakurle taldea 2008an hasi zen biltzen eta urteroliburu bat irakurri dute elkarrekin, 2012an izan ezik. «Asmoa Igartza saria irabazten zuten liburuak irakurtzea zen, baina tartean Xabier Mendiguren herritarraren bi liburu ere irakurri ditugu», dio Ane Barandiaran Beasaingo euskara teknikariak.
Honako liburuak irakurri dituzte orain artean: 2008an Bizitza Homeopatikoak (Xabier Mendiguren), 2009an Habitat (Katixa Agirre) Igartza saria irabazi zuena eta Nora ez dakizun hori (Irati Jimenez) Akzesita lortu zuena, 2010an Katu jendea (Eider Rodriguez), 2011n Sakoneta (Xabier Mendiguren), 2013an Geltokiak edo Helduta Entzuteko Abestiak (Goiatz Labandibar) eta 2014an Erraiak (Danele Sarriugarte).
Irakurle taldearen dinamizazioa eta jarraipena egiteko pertsona baten beharra ikusi zuen udalak eta Irati Goikoetxeari proposatu zioten lan horren ardura. «Horrela, Erraiak liburuaren irakurketaren dinamizazioa berak egin zuen».
Orain, hilean liburu bat
«Urtean behingo maiztasunak ez dio jarraikortasunik ematen eta maizago egitea egokiagoa ikusten da taldea egonkortzeko», dio Barandiaranek. Goikoetxea ere uste berekoa da: «Urtean behin bilduta, elkarren arteko harremana hoztu egiten da, eta hilean-hileko jarraitasuna emateko asmoa dugu».
Hala, Beasainen berriro martxan jarriko dute irakurle taldea. Eta taldearen funtzionamendua zehazteko lehen bilera etzi egingo dute.
Igartzako jauregian bilduko dira etzi 19:00etan eta bertan, bakoitzaren gustuak ezagutu, zer irakurri nahi duten ikusi, irakurle bakoitzak zer zailtasun dituen ikusi, gelditzeko egunak zehaztu, eta antzerakoak egingo dituzte.
«Nik liburu zerrenda bat badut eginda, baina ostiralean erabakiko dugu zer egin urtean zehar». Hasteko, Karmele Jaioren Musika airean liburua irakurtzea proposatuko die Goikoetxeak taldekideei.
Garbi utzi nahi izan du, taldea berak gidatuko badu ere, «berdinetik berdinera»ko talde bat izango dela, eta «asmoa, tarte on bat pasatzea» dela. «Ez dadila inor etorri gabe geratu nik ezingo dut edo nik ez dut mailarik, pentsatzen duelako».
«Tarte on bat pasatzea»
Tarte on bat pasatzearen barruan, irakurritakoa elkarbanatzeak dituen onurak ere azpimarratu ditu beasaindarrak: «Euskal hitz berriak ezagutzea, irakurritakoa beste begi batzuekin ikustea, zure buruarekin hausnartzea, iritziak errespetatzen ikastea, gizarteko edozein gai sozialen inguruan eztabaidatzea, irakurleen arteko harremana estutzea…».
Idazleetara gerturatuko direla ere badio. Izan ere, irakurriko duten liburu askoren idazlea ezagutu eta berarekin liburuaren inguruko hausnarketa egiteko aukera izango dute irakurleek: lehenik, taldean aztertuko dute liburua, eta bigarren aldi batean, idazlearekin bilduko dira.
Irakurriko dituzten liburuak euskaraz izango dira. Irakurtzeko zaletasuna duen oro gonbidatu dute bertaratzera.