Hurrengo asteburuan iritsiko da Goierrira ‘Lasa eta Zabala’ filma
http://youtu.be/FF4TnmuEhnw Hogeita hamar urte pasa behar izan dira kare bizitan lurperatuzutena pantaila handira eramateko. Gaur egungo belaunaldi gazteek ez zuten lehenengo pertsonan bizi ere egin Euskal Herriko historiaren pasarte beltzenetakoa izango zena. Pablo Malo zine zuzendariak 107 minutuko filmean jaso du Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren istorioa.
Gorpuak ez zituzten identifikatu, baina, hezurtegira ere ez zituzten bota polizia batek GALi buruz eta haiek desagerrarazitako pertsonei buruz entzuna zuenagatik. Hamar urte geroago jakin zen gorpuak bi tolosarrenak zirela, hauteskunde kanpainan PPk PSOEren aurka egiteko gerra zikineko pasarteak astindu zituenean. Enrique Rodriguez Galindo, Julen Elgorriaga nahiz beste hainbat polizia zigortu zituzten gerora, baina espetxealdiek ez dute 5 urte baino gehiago iraun.
Filmean torturarenak edo exekuzioaren unekoak inor axolagabe utziko ez dituen irudiak dira. Pablo Malok 107 minututan laburbildu ditu gertakariak, kontakizun zuzen batean. Debora tarte zabala jasotzen du pelikulak, 17 urtekoa.
Polemika zipriztinak
Lasaren eta Zabalaren auziaz filma egitearren kritikak entzun behar izan ditu Malok; Guardia Zibilak betetzen duen paperagatik, esate baterako. «Kontua ez da zein ziren onak eta zein gaiztoak; kontua da basakeriak egin zituzten pertsonaiak zeudela. Errealitatea oraindik ere muturrekoagoa da, gainera», azaldu zuen filmaren zuzendariak Zinemaldian.
Grabaketan ere hainbat oztopo izan zituzten, tartean Gipuzkoako Aldundiak emandako laguntzaren polemika edo hainbat eraikinetan grabatzeko baimenik ezarenak.
Zumarragan ere grabatu zuten pelikulako pasarte bat otsailean. Lasa eta Zabala bahitu zituzteneko egun berean gertatuko pasartea da bertan grabatu zutena. ETAk Oñatin atentatu bat egin zuen, eta Galindo Intxaurrondoko komandantea eta Elgorriaga Gipuzkoako gobernadore zibila Arrasateko ospitalera joan ziren autoz, gauez. Arrasateko ospitalea Zumarragako La Salle Legazpi eskola da filmean. Autoan doazela irratiz mezu bat jaso eta dei bat egiteko geldituko dira. Zumarragako udaletxean grabatu zuten deiaren eszena.
Zumarragako Zelai Ariztin urriko azken asteburuan proiektatuko dute Lasa eta Zabala; hilaren 25, 26 eta 27an. Beasaingo Usurben, bestalde, 23tik 27ra, egunero, egongo da ikusgai.












