Antzinako baserriaren nolakotasuna eta izaera azaldu dituzte Ataunen
Baserria ez dute ahaztu ataundarrek. Herenegun San Martin auzoan ospatu zen IV. Ohitura Zaharren Egunean babesleku, bizitoki eta oraintsu arte familiaren ekonomia-enpresa izan den entitatea ohoratu zuten. Baserria gurea! aldarria goiburu hartu, eta hainbat langintza, espazio, ohitura eta giro biziberritu dituzte, antzinako beste osagai batzuekin.
Nekazarien jaietako arropak jantzita, igande goiza eta eguartea agertoki bizidun erraldoi bihurtu zituzten ehunka herritarrek, Jentilbaratza kultur elkarteak gidatuta. Lanbide zahar batzuek ikusle askoren arreta erakarri zuten. Belarra kablez jaitsi eta zuhatza egitearenak, esate baterako. Garaialde baserritik plaza barreneko zelaira haria luzatu, eta belar metak bidali zituzten. Behean, belarra zabaldu eta irauli ondoren, zuhatza egin zuten.
Eguraldi gozoa lagun, jendetza bildu zen Ataunen. Eliza atarian antzinako gela eta sukaldea muntatu zituzten, altzari, tresna eta jantzi zaharrak erakusteko. Oheko jantziak, artilezko haria egiten edo sehaska ikus zitekeen han.
Baserriaren lan eremuko jarduerak ere erakutsi zituzten: ganadu erakusketa jarri zuten, barazki eta fruta postuak, sendabelarren mahaia, sagarra makinaz txikituta muztioa ateratzea… Jateko, Ataungo talogileen taloak eta gaztaina erreak ere baziren.
Otsobatza kontumo taldekoek ere postua jarri zuten, bertako barazkiak eta jakiak kontsumitzeko deialdia egiteko.
«Garai batean, zailtasun guztiekin, bizimodua atera egiten zuten baserrian. Orain, erraztasunak eduki arren eta makinekin lana hobea izan arren, ezin soldata bat atera», deitoratzen zuen bisitari batek, belar meta kablean behera erortzen zen bitartean.
Ezkontza arreoa, ikuskizuna
Eguerdi aldera egin zuten ezkontza irudikapena izan zen Ohitura Zaharren Jaiaren momentu gorenetako bat. Kalostra handitik abiatu zen segizioa, andregaia eta haren familia etxetik gurdikada altzarirekin atera zenean. Biderateraino joan-etorria egin zuten kalejiran. Senargaiaren etxean oniritzia jaso, eta, soinu eta dantza, plazara atzera, ezkontzera.
Altzaniko Patxiren eta Bidarteko Mikaelaren arteko ezkontza antzeztu zuten. Bi idik tiratutako gurdian altzariak, koltxoia, ohe-jantziak eta bestelako lanabesak zituzten. Udaletxe aurrean lehenengo ospakizun zibila egin zuten, herriko notarioarekin arreoko zerrenda errepasatu, neska-mutilen arteko kontratua ofizialdu eta ezkongaiek herriarekin zorrik ez zeukatela ziurtatzeko. Ondoren, eliza atarian, ezkontza erlijiosoa irudikatu zuten. Latinez kantatu zuten meza.
Gainontzean, Ohitura Zaharren Jaia (bi urtean behin egiten da) garai zaharretako hainbat osagaik hornitu zuten. Mikeleteak ibili ziren kalean, fusilak bizkarrean zituztela; Albanny eta Rolls Royce markako kotxe zaharrak erakutsi zituzten; aspaldiko ume jolasetan, sokasaltoa edo uztaiak atera zituzten. Gaur egun oraindik baserriari eusten dioten gazteengan jarri dute itxaropena jaiaren antolatzaileek, Lazkao Txikiren O baserritxo bertso sortako gainbehera saihesteko.
«Baserria deitzen diogu etxeari eta bere lurraldeari. Baserrian batu dira lehenagoko abeltzaintza eta nekazaritza, beste lanbide batzuekin osatuta», azaldu du Jentilbaratza elkarteak. Gaur egun ezagutzen den baserri mota IX-X. mendeetan sortu zela gogoratu dute. Aurretik mendiko abeltzaintza zen bizibidea, saroietan antolatuta. Ataunen Suki, Aiztondo, Aralegi, Urdangarin eta Dorronsoro saroiak dira aztarna.
Argazki rallykoak lanean
Ohitura Zaharren Jaiarekin bat egin du egutegian Ataungo X. Argazkigintza Rallyak. 51 argazkizale ibili ziren festa erretratutan jasotzen. Bost gai ipini zizkieten: begiradak, pertsonaiak, lanean, erreflexuak edo itzalak, eta ezkontza. Aparteko jokoa eman die.
Argazkiak igande goizean atera ondoren, partaide bakoitzak 26 aukeratu zituen, lehiaketara aurkezteko. Epaimahaiaren lanaren txanda da orain. Sarituen berri, eta parte-hartzaileen lanaren proiekzioa, azaroaren 16an emango dute, 12:00etan, antzokian.