Kontzertu ezagun eta berritzaileak ekarriko ditu Jazpana! festak
Aurrez jaialdiaren kartela ezagutarazita bazuten ere, orain aurkeztu dute aurtengo Jazpana! Fest. Pablo Sanchez eta Diego Gomez antolatzaileek azaldu dute seigarren edizio honetako egitaraua. Jaialdia urriaren 24an eta 25ean izango da, Beasainen.
Askotariko kontzertuz beteta dator aurtengo edizioa. Jaialdiaren izpiritua jarraituz, inguruetako talde berriei ateak irekiko dizkiete, baina, talde entzutetsuak ere izango dira. Horien artean daude, esaterako, Nueva Vulcano, Beach Beach eta Capsula taldeak.
Urtero bezala, argazki rallya ere egingo dute, eta baita skate eta 3x3ko saskibaloi txapelketak ere. Aurten, lekuz aldatuko dute saskibaloi txapelketa: lehen Jazpanako karparen ondoan egiten zuten, Bernedo Eneako aparkalekuan, baina eguraldi txarra egiten zuenean busti egiten zirenez eta saskiak eraman behar izaten zirenez, aurten Ezkiaga auzoko saskibaloi zelaian egitea erabaki dute.
Jazpanart!
Bestalde, urriaren 18tik azaroaren 2ra egingo dute, Jazpanaren barruan, III. Jazpanart! erakusketa Igartzako jauregian. Tailerrak, hitzaldiak eta kontzertuak ere egongo dira.
Prentsaurrekoan Jazpana! Fest antolatzen duen elkarteari eskerrak eman zizkion Aitor Larburu zinegotziak. Jaialdia doakoa dela gogorarazi zuen eta herritar guztiak animatu nahi izan zituen egitasmo honen barruan antolatuta dauden ekintza desberdinetan parte hartzera.