Arto opila eta lehen usoak, garaiko marka
Joan zen astean aurreratu zuten moduan, aurreneko usoak salgai ziren atzo ferian. «Toledon ehizatuak» zirela azaldu zigun Lasak; 100 bat zituen salgai bere postuan, 6 euroan pieza bakoitza. Eta haien inguruan, ohiko moduan, mikologia eskaintza zabala. Besteak beste, onddoak, gorringoa, mendiko angula, gibelurdinak, esnegorriak, zizahoriak eta boilurrak zituen, mahai erakargarria osatuz.
Aurreko asteko kolpetxoa kenduta, orain artekoan gutxi antzean atera da inguruko mendietan, baina kilo ugari salgai jarri ohi dira astero-astero.
Neguko jakia: arto opila
Asteroko ogi eskaitzari beste bat gehitu zion atzo Maite Iturbek: arto irinarekin egindako opila. «Gau honetan egina, izan dugun eguraldi beroarekin agurotxo ote zen, baina garai honetan hasi ohi naiz beti eta hara hemen lehenengoak; artoa atzo bertan errotan ehotu eta egin». Oraindik epelak zeudela jarri zituen salgai, kiloko 5,50 euroko pproportzioan.
Fruitu eta barazkiei dagokionez, berri pare bat aipatu behar: Barazkietan lehen arbiak salgai zituen Baliarraingo Edurne Jauregik (sorta euroan); oraindik ez du estimazio handirik, baina poliki-poliki sartzen ari da hemen ere hauek jateko ohitura. Fruituetan berriz, Fuji motako sagar berria ikusi genuen Idiazabalgo Kalbariokoen postuan (kiloa 2,20 euroan).
Lorezainek berriz, Santu guztien eguneko prestaketak dituzte buruan, eta lehen laginak ageri baziren ere datozen bi asteek garbi markatuko dute data.
Kanpokoen erakargarri
Munduko sukaldari askorentzat bisitarako leku izan ohi da Ordiziako feria, duen izenagatik eta produktu freskoen kalitateagatik. Eder Montero bizkaitar sukaldaria, gaur egun New Yorkeko Txikito jatetxe kateen nagusia, Ordizian izan zen atzo, emaztea lagun zuela.
Bestalde, Edurne Pasaban mendizale ezagunaren bidez etorritako kazetari taldeak ere, mendi ibilaldien artean Ordiziako feria aukeratu zuen inguruan ezagutzea merezi dutenen artean.
- Aste honetako prezioak