Euskal Herriko Dantza Txapelketa jokatuko dute etzi Seguran
38. urtez egingo dute etzi Euskal Herriko Dantza Txapelketa, Seguran. Arratsaldeko seietan hasiko da, Baratze pilotalekuan, eta hamar bikotek parte hartuko dute, bakoitza herri baten ordezkari gisa. Atsedenaldian, berriz, Allur Dantza Konpainiak hamar minutuko saio berezia eskainiko du. Eitb1 kateak txapelketa grabatuko du, eta 22:00etan emitituko dute.
Gipuzkoako bederatzi bikote eta Bizkaiko bat izango dira txapelketan. Goierriko dantzari bakarrak parte hartuko du: Ibai Jimenez zaldibiarrak. Dena den, Ibarra ordezkatuko du, Iratxe Lizarburu ibartarrarekin igoko baita oholtzara. Bizkaiko bikotea, berriz, iazko irabazlea da: Haizea Hormaetxea eta Lander Campos.
Fandangoa eta arin arina dantzatu beharko dituzte hamar bikoteek. Fandangoa dantzatzeko Isilkara Txistulari Taldeak joko die txistua dantzariei. Arin arina, berriz, Estanga anai arreben trikiti hotsaren erritmora egin beharko dute.
Irabazlearentzat 700 euro. Sariei dagokienez, Nestor Basterretxearen eskultura, 700 euro eta oroigarria, txapela eta lepokoa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak emandako trofeoa eta lau bidaia jasoko dituzte irabazleek. Bigarrenek, berriz, 500 euro eta oroigarria. Eta, hirugarrenek, 400 euro eta oroigarria.
Horrez gain, jantzi onenari ere emango diote saria: 200 euro. Lurralde bakoitzetik ongien sailkatzen denari, berriz, saria emango dio lurraldeko horretako Foru Aldundiak. Eta Guillermo Areizaga sari berezia ere izango da, dantza txapelketaren sortzaile eta sustatzaile izan zenaren omenez. Txapelketan lehenbizikoz parte hartzen dutenen artean ongien sailkatzen denari emango diote. Bestalde, saririk jasotzen ez duten bikote guztiek 200 euro jasoko dituzte.
Basterretxearen lana gogoan
Joan den uztailean hil zen Nestor Basterretxea eskultorea, eta Segurako Udalak omenaldia egingo dio etzi, txapelketaren barruan. Izan ere, Basterretxeak diseinatu izan ditu Udalaren Sari Nagusirako eskulturak. Arrazoi berberagatik, 2009an ere egin zioten omenaldia, Alkate Makila emanda.
Guztira zazpi eskultura egin ditu Euskal Herriko Dantza Txapelketarako. 2009an udalak zazpi eskultura originalak hartu eta kopiak egin zituen. 2015etik aurrera, Segurako Ardixarra etxean egongo dira ikusgai kopia horiek, erakusketa iraunkor modura.
Dantzariak eta ordezkatutako herriak
- Maria Camarero eta Goretti Galarraga (Ibarra)
- Iker Sanz eta Lierni Kamio (Villabona)
- Joritz Galarraga eta Laura Olaizola (Azpeitia)
- Lander Campos eta Haizea Hormaetxea (Santurtzi)
- Julen Rodriguez eta Maddi Otegi (Alegi)
- Mikel Subinas eta Maite Beobide (Azpeitia)
- Ibai Jimenez eta Iratxe Lizarburu (Ibarra)
- Jon Ander Iriondo eta Libe Lizaso (Azpeitia)
- Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga (Azpeitia)
- Amets Amubieta eta Maialen Aldalur (Azpeitia)