Musikaren urtaroa
Udazkenak berarekin dakar hostoen erortzea, paisaia kolorez aldatzea, haizea… Eta haizeak musika hotsa ere ekartzen du Goierrira, udazkenaren iritsierarekin batera.
Elkarren segida-segidan egingo dituzte aurten ere Goierriko musika jaialdi handienak. Zumarragako eta Urretxuko Mutamu jaialdiaren ostean, Ordiziarrock bihar arte, eta Jazpana! urriaren 24an eta 25ean izango dira. Bakoitza bere estiloan, musika protagonista izango da, beste hainbat ekintza osagarrirekin batera.
Hamaikagarren edizioa izango da aurten Ordiziarrockentzat. 2003an abiatu zen jaialdiak ez du hasierako txinparta galdu, eta aurten ere, talde entzutetsuak gerturatuko ditu Ordiziako kaleetara, bertako musika talde zein bertako bestelako partehartzaile batzuekin batera: «Herritik herriarentzat» egindako jaialdia dela argi utziko dute urten ere.
Musikak protagonismorik galdu gabe, abentura kirolek ere utziko dute euren arrastoa aurtengo jaialdian: Goierriko Barkatu Ama espereologia taldekoek, Baiza parapente taldekoek eta Flow Balance skyline taldekoek hainbat abentura kirol probatzeko aukera emango dute bihar 18:30etik aurrera plaza nagusian: penduloa, tirolina, skyline, parapentea, zinea, pailazoak…
Ohi bezala, kontzertu guztiak dohainik izango dira, Kalakan taldeak gaur 19:00etan Herri Antzokian egingo duena izan ezik. Kalakaren kontzerturako sarrera 10 euro kostako da.
Beste berezitasun bat izango du aurten ere jaialdiak: entzumen arazoak dituztenentzat egokitutako kontzertuak izango dira. Pertsona Gorren Familien Konfederazioaren bukle magnetiko bat erabiliko dute horretarako.
Gorrei egokituta
Gailu horren bidez, pertsona gorrek soinua hautemateko informazioa jasoko dute. Horrekin, inguruan dituztenen arteko komunikazioa eta erlazioa erraztuko dute.
Bestalde, iaz bezala, aurten ere musika frontoitik kalera ere aterako dute; modu originalean, gainera. Kamioi baten gainera igota, musika talde ezberdinek herriko txoko ezberdinetan egingo dituzte kontzertuak. Herriko txoko banatan joko dute Nazarenos del Norte, Apostasia, Starblues eta Big Boy taldeek.
Rockarekin hasi ordez, jazz doinuek eman zioten jaialdiari hasiera atzo, The Soubros taldearekin. Gaurko protagonista entzutetsuena Kalakan taldea izango da, eta gauean Mery May, Continuo Renacer, Bullet Proff Lovers eta DJ Busbu taldeek joko dute frontoian.
Asko, ordea, bihar gauerako zain egongo dira, orduan joko baitute frontoian 21:00etan hasita, Disasters, Fumut, Kashbad eta Willis Drumond taldeek, jaialdiari bukaera biribil-biribila emanez.
Postmodernoentzat
Postmodernitatea nahiago dutenek, berriz, datorren astean izango dute euren jaialdia. Ordiziarrockek irekitako bidea jarraitu eta landa-postmodernitatean oinarritutako Jazpana! Fest jaialdia antolatzen hasi ziren orain sei urte Beasaingo hainbat lagun. Bernedo Enean karpa jarri izan dute bost urtez, eta aurten ere bertan izango dute aterpea kontzertuek.
Bi baldintza ezarri zizkioten jaio orduko jaialdi honi: lehena, herriko taldeei beraien musika erakusteko aukera ematea; eta bigarrena, ekitaldi zein kontzertu guztiak dohainik izatea. Eta halaxe jarraitu dute ondorengo bost urteetan. Seigarren edizioan ere halaxe egingo dute.
Musikaz gain, bere osotasunean, Jazpana! artearen goratzarrea dela esan liteke. Kontzertuez gain, Ordiziarrocken hastapenetan bezala, saskibaloi eta skate lehiaketak egingo dituzte aurten ere, eta baita argazki rallya ere, bi egunetan zehar.
Barruan, Jazpanart
Eta lehiaketa horiez gain, orain hiru urte hasi bezala, aurten ere, Jazpanart jaialdia egingo dute Jazpanaren barruan. Atzo eman zioten hasiera Lorea Alfaroren kartelgintza tailerrarekin, eta datorren osteguna bitartean erakusketak, kontzertuak, Jazpanazoka, Kapen aldizkariaren aurkezpena eta Igor Rezolaren hitzaldia gozatzeko aukera izango da, besteak beste, Igartzako jauregian.
Eta Jazpanart amaituta, datorren ostiralean Fumut, Ladislao, The Lookers, Nueva Vulcano, Olarius & Brothers DJak izango dira protagonista Beasainen. Larunbatean, berriz, Crazy Young, Nikkin, Buffalo, Beach Beach, Za!, Capsula, Lasers, It’s Not Not eta DJ Coco arituko dira. Horiez gain, iaz bezala, aurten ere Jazpana! Herrian egitasmoa errepikatuko dute larunbat arratsaldean. Disco Estupendo taldeak Iluntzen joko du eta Siete C-k Koiote tabernan.