Roman Elosegiren idi desafioari inork ez dio heldu
Atzo gauean Azkoitian zain egon zen Roman Elosegi idizale zaldibiarra, berak aurreko astean bota zuen idi-dema desafioari erantzuteko baten bat azalduko ote zen. Inork ez dio heldu apustuari, eta bere horretan geratuko da asmoa. Elosegik alde bakoitzak 20.000 euro jartzeko eta idiak proba aurretik zortzi egunez zaintza neutroan edukitzeko baldintza jarri zuen. Aurreko astean Lemoizko Andraka auzoan (Bizkaia) gertatutako gora-beherei erantzuteko bota zuen zaldibiarrak desafioa. Andrakan bere idi parea gerarazi zuen epaileak, ximaur gehiago egiteko “zerbait” emanda ote zeuden susmoa aireratuta. Elosegik analisiak egiteko agindu zuen, eta gaur oraindik emaitzaren berririk ez du jaso. Aldiz, zortzi eguneko karparen baldintzarekin eragotziko litzateke edozein susmo; baina inork ez dio heldu eskaintzari.