Urretxu 2 eta Ormaiztegi taldeek egingo dute aurrera Atera bertsolari txapelketan
Ormaiztegin eta Ataunen jokatu dituzte asteburuan Atera Goierriko herriarteko bertsolarien txapelketako bigarren eta hirugarren kanporaketak. Bertan erabaki dira Gabiria 2 taldearekin batera txapelketan aurrera egingo duten taldeak: Ormaiztegi (Iñaki Rezusta ‘Tsasio’, Beñat Hach Embarek eta Manex Mantxola urretxuarra) eta Urretxu 2 (Gorka Ojanguren, Beñat Torres eta Maialen Akizu).
Bigarren fasera pasako den laugarren eta azken taldea, berriz, ostiralean erabakiko da, Ordiziako Kantoi tabernan egingo duten kanporaketa saioan. Gabiria 1, Urretxu 1 eta Ordizia-Beasain taldeak ariko dira bertan.
Ormaiztegiko kanporaketa. Ostiralean Ormaiztegin izan zen saioa, Txistu tabernan. Herriko taldeaz gain, Zaldibia-Legorreta (Aitor Irastortza, Gartxot Ramirez eta Odei Lopez) eta Urretxu 3 (Gorka Azkarate, Uxue Fernandez eta Mikel Iturriotz) aritu ziren bertsotan.
Karlistaz jantzita aritu ziren ormaiztegiarrak, eta Iñaki Rezustak trikitia ere jo zuen. Maila ona erakutsi zuten hiru taldeek, eta nabarmentzeko modukoak izan ziren, besteak beste, Odei Lopezek Ormaiztegiko zubiaren paperetik abestutako bertsoak.
Ormaiztegiko taldea izan zen garailea. Otsailean hasi zen bertso eskola Ormaiztegin, Mantxola irakasle dela, eta hura buru, ziurtasunez aritu ziren ostiralean.
Ataungo kanporaketa. Larunbatean Ataunen izan zen kanporaketa saioa, Artadi elkartean. Bi talde aritu ziren: Ataun-Legazpi (Paul Iruretagoiena, Mikel Tapia eta Ane Beloki) eta Urretxu 2. Gai jartzen, berriz, Iban Sukia. Iparragirreren Glu glu glu glu doinuarekin hasi zuten saioa urretxuarrek, eta maila altuarekin jarraitu. Ataundarrak ere ongi aritu ziren, baina Urretxu 2k lortu zuen garaipena.