Kutxabanken pribatizazioaren aurka agertu da Goierriko Gutun Soziala
Goierriko Gutun Sozialeko taldeak deituta, dozenaka lagun bildu dira Kutxabanken pribatizazioaren aurka, Beasaingo Kutxabanken bulegoaren aurrean. Eragile sozialetako ordezkariak, sindikalgintzakoak, kulturgintzakoak, jubilatuak, gazteak, autonomoak, enpresa ezberdinetako komitekideak, Kutxako Asanbladako partaide ohiak, Kutxan aurrezkiak dituzten herritarrak eta abar egon ziren, besteak beste, atzo iluntzean egin zuten agerraldian.
«Frankismo garaitik egindako herri-usurpaziorik handienaren aurrean gaude. Korrika eta presaka, eztabaida sozialerako inolako tarterik utzi gabe ari dira lapurreta honen bultzatzaileak (EAJ/PP/PSE), gaiak herritarrongan eragiten duen suminduraren jakitun izan arren» azaldu zuten Gutun Sozialeko kideek.
BBK eta Vital banku-fundazio bilakatu dituztela eta orain Kutxarekin ere berdina egin dutela diote: «Lobby ekonomikoak agindutakoari men eginez, kutxen Batzarra desagertu eta denon artean sortutako aberastasuna 15 lagunek osatutako Patronatuaren esku utzi dute».
Hemendik aurrera, irizpidea argia izango dela diote: «Ahalik eta mozkin handiena, betiko lau katuentzat. Argi dago, oraingoan ere, kaltetuak herritarrak izango garela».
«Badaude aukerak kutxen izaera publikoa eta soziala bermatuko lukeen arau-marko bat osatu eta horrela euskal finantza-sistema publiko bat berrosatzeko: Borondate politikoa falta da».
Eskaerak
Honakoak izan ziren Kutxaren pribatizazioaren aurrean, eskatu zituztenak: Hitz ematea Kutxabankeko akzio bat bera ere kapital pribatuaren esku ez dela geratuko; akzioak burtsara ez direla aterako, eta euskal herri-erakundeei utziko dizkietela.
«Ez dugu nahi erakundea pribatizatzerik, eta prozesu hau bideratzeko hartu diren erabakiak bertan behera uztea exijitzen dugu. Kontrol publikoa eta soziala eskatzen dugu Kutxabankek euskal jendartearen zerbitzura lan egin dezan, ez bere bazkide kapitalistei kontuak eman eta dibidendoak banatzeko», zioten.
Urriaren 24an Donostiara
Urriaren 24an, Kutxako lehenengo Batzarra egingo da, eta horren harira, Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute: «Mobilizazio sozial, sindikal eta politiko-instituzionalaren esku dago denon esku mantentzea».