![Goiart_sariak](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/10/Goiart_sariak.jpg)
Goierriko eta Euskal Herriko artelan plastikoak sustatu eta zabaltzeko asmoarekin Ordiziako Udaleko Kultura Sailak Goiart 2014-Ordizia Saria abiatu du zazpigarrenez. Euskal Herrian jaiotako edo bizi diren artistek har dezakete parte bertan. Datorren abenduaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak. Abenduaren amaierarako emango dituzte ezagutzera saridunen izenak; ondoren, abenduaren 22tik urtarrilaren 9ra erakusketa egingo dute Barrenan parte hartzaileen artelanekin.
Hiru sari nagusi emango dituzte arte plastikoekin zerikusia duten adituek osatutako epaimahaiaren erabakiaren arabera. Lehen saria 3.000 eurokoa izango da; bigarrena, 1.500 eurokoa; eta hirugarrena, 900 eurokoa. Era berean, Goierriko artista baten lanari ere emango diote 600 euroko saria. Goierri behean jaio edo bizi den artista izan daiteke.
Bete beharrekoak
Euskal Herrian jaiotako eta gutxienez bertan urtebetez bizi direla egiaztatzen duen edozein artistak parte hartu ahal izango du sariketan. Aurreko deialdietan lehen saria lortu duten artistek, ordea, ezingo dute parte hartu.
Egile bakoitzak bi lan aurkez ditzake gehienera ere, eta ez da inolako baldintzarik izango tamainari, teknikari, aurkezpenari edo gaiari dagokionez. Obra muntatzeko jarraibide bereziren bat behar izanez gero, lanarekin batera bidali behar da.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 24tik abenduaren 5era bitarte izango da; Barrena Kultur Etxera bidali edo eskuz eraman ahal izango dira. Obrak bidali eta itzultzeko garraio-asegurua eta gastuak partehartzaile bakoitzak ordaindu beharko ditu. Lehiaketara ekarritako lanek izan ditzaketen kalteak edo galerak, bestalde, ez dira antolatzaileen erantzukizuna izango.
Lanak jasotzeko epea urtarrilaren 19tik otsailaren 2ra luzatuko da, eman diren toki berean eta baldintza beretan. Behin epea igarotzean, artistak ez badu bere lana jaso Ordiziako Udalak izango du egile jabetza eskubidea, jabetza intelektualaren legeak markaturikoak izan ezik.
Lehiaketa jendetsua
Bi urtetik behin antolatzen du Ordiziako Udalak Goierriko eta Euskal Herriko artisten lana ezagutarazi eta saritzeko asmoz sortutako Goiart sariketa.
Azken ekitaldia 2012an egin zen eta bertan 67 lan aurkeztu zituzten. Lehen saria Baionan bizi den Yvana Duchêne txekiarrak eraman zuen, Camille Claudelen erretratua lanarekin —Barrenan dago egunotan erakusketa ikusgai—; Hilda Lucio Alamo Kikis mexikarrak jaso zuen bigarren saria eta Alberto Torres Aierdi beasaindarrak, hirugarrena Paheta eskultura lanagatik. Xabier Anuntzibaik azkenik, Goierriko artisten artean banatzen den saria rabazi zuen Malkoz beteriko agurra lanagatik.
Ametsen interpretazioetatik egindako artelanak ikusgai ditu ‘Pelexek’ Altarten
«Ametsek ematen dute errealitatean lor edo egin ezin daitekeena bizitzeko aukera. Ametsak magia dira». Hala dio Jose Luix Elexpe Pelex artista usurbildarrak. Hain justu ere, ametsen interpretazioetatik abiatutako hainbat artelan erakusgai ditu egunotan Ordiziako Altarte elkartean. Zeruertz ezezagun hori izenburua eman dion erakusketan material eta kolore ugari konbinatu ditu erakusketan zintzilikatu dituen hogei obretan.
Kartoi laminak erabili ditu, bolumena lortzeko eta bi kolore nagusi: zuria eta krema kolorea. Zuriak askatasuna irudikatzen duela dio eta krema koloreak ametsak inguratzen dituen guztiari egiten dio erreferentzia. Lan koloretsuak ere ageri dira Pelexen galerian, ametsek utzitako sentipenak jasotzen dituztenak. Azaroaren 2ra arte egongo da ikusgai, larunbat eta igande eguerditan.