Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren Finala jokatuko da igandean Antzizarren
Atzo aurkeztu zuten ofizialki, igande honetan, eguerdiko 12:00etan, Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko den Euskal Herriko Aizkora Txapelketako Finala. Txapelketa hau Beasaingo Andramendi Ikastolaren aldekoa izango da.
Txapelketa honen 30. edizioa izango da aurtengoa, eta Iñaki Azurmendi beasaindarrak jokatuko du bertan, Aitzol Atutxa, Unai Otaño, Joxe Mari Olasagasti, Joseba Otaegi eta Jon Irazurekin batera. Irazuk Floren Nazabalen ordez jokatuko du. Unai Otañok ezin izan zuen atzoko prentsaurrekora azaldu, baina, igandean jokatzekoa da.
Koldo Agirre Beasaingo alkateak azaldu zuenez lehentasuna eman diote final hau Beasainen ospatzeari, eta udalak herri-kirolen harira, Iñaki Azurmendirekin, Arrano Beltza Herri-kirol Elkartearekin eta Gipuzkoako Herri-kirol Elkartearekin aurten ere lotu dituen hitzarmenak gogorarazi zituen, eta igandean final hau Beasainen izatea “ohore bat” dela azaldu zuen. Gainera, Antzizar kiroldegian egitekoak diren herri-kirol teknifikazio zentroa ere gogoan izan zuten. Ikastolarentzat, euskara, euskal kultura eta kirolek duten garrantzia ere azpimarratu zuten. Aimar Larrea Andramendi Ikastolako lehendakariak eta Bernardo Ureta Euskal Herriko Herri-kirol Federazioko lehendakariak ere hitz egin zuten atzoko aurkezpenean.
Sarrerak egunean bertan erosi beharko dira, aurrez ez baitituzte inon jarriko salgai. 10:30ean hasiko dira sarrerak saltzen lehiatilan, eta gehienez 800 sarrera sal daitezkeela adierazi dute, 800 laguneko aforoa baitu frontoiak. Antolatzaileek atzo azaldu zutenez, autoak aparkatzeko hiru gune egongo dira Antzizardik gehienez bost minutura, eta behar bezala seinalatuta jarriko dituzte.
Iñaki Azurmendiri final handia baino lehen egindako elkarrizketa irakurtzeko aukera izango da biharko GoiBerrin.