Goi tentsioko linearen aurkako marea gorria osatuko dute etzi Donostian
Ezkio-Itsaso eta Nafarroako Deikaztelu herriak batuko dituen goi tentsioko linea bertan behera uzteko eskatuko dute etzi Donostian. Goierriko eta Nafarroako hautetsi, elkarte eta herritarrak Bulebarrean bilduko dira 12:00etan, eta linearen aurkako marea gorria osatuko dute.
Ahalik eta jende gehien garraio publikoan joate aldera, Ordiziatik 10:20ean aterako den trena hartzeko deia egin diete goierritarrei.
2011n aurkeztu zen goi tentsioko linearen proiektua. Hiru urte hauetan Gipuzkoa eta Nafarroako elkarte, hautetsi eta herritar ugari agertu dira proiektuaren aurka. Iaz, esaterako, herri galdeketak egin zituzten proiektuak eragiten dien 40 herrietan, eta erroldatuen %62.61ak aurka bozkatu zuela ikusita, 14.000 alegazio aurkeztu zituzten. Proiektuak aurrera jarraitzen du, ordea, eta alegazioek ez dutela erantzunik jaso salatu dute lineak eragiten dien herrietako hautetsi eta elkarteek.
Ezkio-Itsaso eta Deikaztelu artean 127 kilometro hartuko lituzke lineak, eta 85 dorre eraikiko lituzkete. «Proiektuak Europar Batasunaren Arretaren Printzipioa urratzen du, 16 herrigune goi tentsioko lineatik 500 metrora edo gutxiagora egongo liratekeelako», salatu dute.
Hala, planifikazio elektriko berrian proiektua ez sartzeko eskatuko diete bihar Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei. Era berean, Estatuko Gobernuari eskatuko diote proiektua bertan behera uzteko. «Hori guztia egin ezean, burla egingo zaio erabateko legitimotasuna duen herritarren ordezkaritza demokratikoari», esan dute.
Deialdiko kartela: