Goierri kaletik Urdanetarako igogailua ez egin izana egotzi dio Ordiziako EAJk Bilduri
Goierri kalea eta erdigunearen arteko desnibela gainditzeko duela hiru urte EAJren orduko udal gobernuak martxan jarritako igogailuaren egitasmoa atzeratu izana leporatu dio Jose Miguel Santamariak EH Bilduren udal gobernuari. Hain justu ere, P21 gisa ezagutzen den eraikinaren atarian prentsa agerraldia egin du goizean EAJren alkategaiak. Igor Egurenen udal gobernuari aurreikuspen, antolaketa eta inplikazio falta egotzi dizkio.
2011rako aurrekontuan P21eko igogailua martxan jartzeko 120.000 euroko diru partida onartua egon arren, EH Bildu alkatetzara heltzean proiektua bertan behera utzi izana salatu zuen Santamariak. Izan ere, EAJko alkategaiaren arabera igogailua egitea “urrats handia” izango litzateke Goierri kaletik Urdaneta kalera iristeko. Hain justu ere auzo horretan jende heldu asko bizi dela zioen Santamariak eta askotan hainbat etxebizitzetako igogailu pribatuak erabili behar izaten omen dituztela.
Iaz Ordiziako Udalak Eusko Jaurlaritzari igogailu hori egiteko diru laguntza eskatu ziola azaldu du alkategaiak, baina ez zirela beharrezko baldintzak bete: «Eskaera hori ez zuten beharrezko irisgarritasun planaren dokumentuarekin aurkeztu, idazketa hori amaitu gabe dagoelako».
Aurtengo epea, berriz, joan zen urriaren 9an amaitu zela ohartarazi du Santamariak: “Ea eskaera berezi baten bidez posible den dokumentua prestatzeko denbora izan eta diru-laguntza lortzeko; EAJ prest dago gainera horretan laguntzeko”.
Santamariaren ustez igogailuaren proiektua atzeratu izana Bilduren udal gobernuaren “aurreikuspen, planifikazio eta inplikazio faltaren adibide bat gehiago da”. EAJ «gainean egongo zela» ziurtatu zuen.
Mugikortasun oztopoak gainditzearekin batera, Santamariaren ustez igogailua P21 eraikinean jartzeak eremuaren biziberritzea ekarriko luke merkatal ikuspegitik: “Bizi dugun krisi egoera kontuan hartuta, merkatalgune honetara jendea ekarriko luke igogailuak”.
Aurreko legegintzaldian mugikortasun alorrean egindako lanak ere gogorarazi ditu agerraldian. “Enpresa bati eskatu genion azterketa bat egiteko eta egin genituen lan guztietan, asko izan ziren, irisgarritasunaren kontzeptua sartu genuen, azaldu du.
Mugikortasun Plana
Iazko urriaren 29an aurkeztu zuen Ordiziako Udalak I. Mugikortasun Iraunkorrerako Plana. Endara ingeniaritza enpresaren laguntzarekin diseinatu zuten plana eta aurkeztearekin batera erakusketa ireki zuten herritarren iritzia jasotzeko. Herritarrek hobetsi zitzaketen proposamenen artean zegoen Goierri kaletik Urdanetara igotzeko igogailua, 25.000 euroko aurrekontuarekin.