Idiazabalen 31. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa egingo dute etzi
Gaztarekin lotuta hainbat eta hainbat ekitaldi izaten dira Idiazabalen urtean zehar, eta etzi, 31. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa jokatuko da. Artzai Gazta Elkarteak antolatzen du lehiaketa gaztagintza eta salmenta sustatzeko helburuarekin. Lehen herri ezberdinetan egiten zuten urtero, baina duela urte batzuetatik Idiazabalen finkatu da lehiaketa. Hegoaldeko 40 gaztagilek parte hartuko dute txapelketan, denak Artzai Gazta Elkarteko kideak.
Urtean zehar hainbat lehiaketa antolatzen ditu Artzai Gaztak, eta txapelketa horietan sailkatutako gaztagileak izango dira etzi Idiazabalen: Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik, lurralde bakoitzeko hamar gaztagile. Gipuzkoako gaztagileak, esaterako, Legazpiko Artzain Egunean lehen hamar postuetan geratu zirenak dira. Arabako sailkatuak Agurainen egiten den txapelketan aukeratzen dira, Bizkaikoak Axpen eta Nafarroakoak Uharte Arakilen.
Hainbat goierritar daude parte hartzaileen artean: Jabier Muñoa zeraindarra, Karmele Murua segurrara, Olaberriako Aizpea gaztategia, Joseba Insausti ordiziarra, Legorretako Olasde Arditegia eta Gabiriako Baztarrika gaztategia. Bestalde, iazko irabazlea ere bertan izango da: Rikardo Remiro nafarra.
11:00etan hasiko dute txapelketa, parte hartuko duten gaztei harrera egin ondoren. Lehen aukeraketa eginda, hamabi gazta pasako dira finalera, eta epaimahaikideek 14:30eak aldera emango dute azken erabakiaren berri.
Txapela eta kaikua jasoko ditu autengo irabazleak, baita 1.000 kilo pentsurako balea ere. Bigarrenak, berriz, garaikurra eta 800 kilo pentsurako balea jasoko ditu. Eta, hirugarrenak, garaikurra eta 500 kilo pentsurako balea. Bestalde, postuetan gazta emango dute probatzeko, eta jendeak botoa emateko aukera izango du. Garaikurra eta 400 kilo pentsurako balea jasoko ditu herritarrek aukeratutako gaztagileak.
Postuak eta herri kirolak
Eguneko protagonista txapelketa izan arren, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte etzirako, gaztaren inguruan jaia egiteko asmotan. Goiz osoan zehar Artzai Gazta produktuen postuak egongo dira Idiazabalgo plazan. Bestalde, Gaztaren Intrepretazio Zentroan ate irekiak izango dira.
Haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte 13:00etan. Gazta egiteko prozesua ikasiko dute, eta artilea erabiltzen ere bai. Eta, azkenik, herri kirolak izango dira, 12:00etan. Emakumeen giza proba erakustaldia izango da, baita aizkolarien saioa ere. Sari banaketaren ondoren, berriz, 15:00etan, bazkari ederra egingo dute Artzai Gazta eta Eusko Label produktuekin.
Gazte Asanbladak Artzai Rock jaialdia antolatu du iluntzerako
Goizean Artzai Gazta Txapelketa egingo dutela aprobetxatuz, iluntzerako Artzai Rock festa antolatu du Idiazabalgo Gazte Asanbladak. 19:00etan emango diote hasiera jaiari, Elektro Txarangarekin. 20:00etan, berriz, artzai jokoak egingo dituzte, eta bokatak afalduko dituzte jarraian. Danborrada ere izango dute Idiazabalgo gazteek. 22:30etik aurrera, bakoitzak bere instrumentuak eraman, eta kaleak alaituko dituzte gaueko kontzertuen aurretik. Bi kontzertu izango dira 23:00etan: Fight to Live eta The Guilty Brigade. Artzai Rock festan parte hartzeko, artzantzari lotutako mozorroak janzteko deia egin dute. EGITARAUA – Igandea- 09:00-14:00. Postuak egongo dira plazan.
- 10:30. Gazten harrera.
- 11:00. Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketaren hasiera.
- 12:00. Autoritateei harrera.
- 12:00. Herri kirolak.
- 13:00. Haurrentzako tailerrak: gazta tailerra eta artile tailerra.
- 15:00. Bazkaria Artzai Gazta eta Eusko Label produktuekin.