Kontzertua eskainiko dute etzi Ordiziako eta Gabiriako haurrek
Euskal Herrian izan den kantu tradizioari eusteko ahaleginean, haur abesbatza osatu zuten iaz Ordiziako Urdaneta Eskolan. Urdanetako Ahotsak taldearen ibilbideari ekin zioten Debora Herreroren zuzendaritzapean ekoslaz kanpoko ekintza gisa, dantzaren zein kirolaren pareko. Gabirian eskaini zuten lehen kontzertua eta larunbat honetan gabiriarrak izango dira Ordizian. Iluntzeko 20:15ean izango da emanaldia parrokian.
Lehenbizi Gabiriko haurrak arituko dira kantuan, ondoren Urdanetako ahotsen txanda izango da. Amaieran, berriz, bi abesbatzek elkarrekin pare bat abesti interpretatuko dituzte.
Miren Plazaola Gabiriako gaztetxoen abesbatzako zuzendariaren hitzetan “ilusioz” doaz haurrak Ordiziara, “oso motibagarria da herrian eta herritik kanpora egindako lana erakustea, leku ezberdinetan aritzea”. Herrerok aurreratutakoaren arabera, bestalde, kontzertua “oso erakargarria” izango da, gure folkorearen doinu kuttunak gozatzeaz gain, atzerriko abestiak entzuteko aukera izango delako.
Bi zuzendarien hitzetan, Euskal Herrian betidanik izan da kanturako zaletasuna eta horrelako ekimenekin tradizio horri eutsi nahi diote: “Helduen abesbatzen arrobia hauxe da, hementxe hasten dira etorkizuneko abeslariak. Zentzu horretan jendearen, herritarren eta agente sozialen inplikazioa ezinbestekoa da, abeslariarentzako satisfaziorik handiena entzulegoarengana iristea baita”.