Azaroaren 23an Bizilagunak egitasmoaren hirugarren edizioa egingo dute. SOS Arrazakeriaren egitasmo honen xedea bertako familiek eta kanpotik etorritakoek elkar ezagutzea da. Horretarako, elkarrekin bazkaltzea proposatzen diete, familietako baten etxean. Egitasmo
Azaroaren 23an Bizilagunak egitasmoaren hirugarren edizioa egingo dute. SOS Arrazakeriaren egitasmo honen xedea bertako familiek eta kanpotik etorritakoek elkar ezagutzea da. Horretarako, elkarrekin bazkaltzea proposatzen diete, familietako baten etxean. Egitasmo honekin bat egin duen udaletako bat Urretxukoa da eta atzo prentsaurrekoa egin zuten herritarrak parte hartzera animatzeko.
Bizilagunak proiektuaren funtzionamendua oso sinplea da. Parte hartu nahi dutenek 943 03 80 83 zenbakira deitu behar dute, aniztasuna@urretxu.net helbidera idatzi edo mugak.eu webgunera jo.
Dinamizatzaileak bi familiak bisitatuko ditu azaroaren 23a baino lehen eta familiek, hala nahi badute, elkar ezagutzeko aukera izango dute. Bazkaria bi familietako baten etxean egingo dute eta dinamizatzailea bertan egongo da. Azaroaren 29an familia guztiek festa bat egingo dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Iaz 200 familiak parte hartu zuen egitasmo honetan.
Prentsaurrekoan Jon Altolagirre Gizarte Ekimena batzordeko lehendakariak, Saioa Murua Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak, Silvana Luciani SOS Arrazakeriako kideak eta Jon Igartua eta Mohamed Omar Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideek parte hartu zuten.
Muruak egitasmo hau Mahaiaren helburuekin bat datorrela esan zuen. «Xenofobia egon badago eta jarrera positiboak erakustea ere beharrezkoa da. Hori dela eta, herritarrei parte hartzera animatzen diet».
Estereotipoekin bukatu
Lucianik, helburua estereotipoekin eta aurreiritziekin bukatzea dela aipatu zuen. «Bizikidetza bultzatu nahi dugu. Askotan, kanpotik etorri direnengana gerturatu nahi dugu eta ez dakigu nola. Egitasmo honek horretan laguntzen du. Gainera, gizartearen zati handi bat elkarbizitzaren alde dagoela erakutsi eta etorkinen errealitatea zein den azaldu nahi dugu».
Urretxuar guztiei parte hartzeko deia luzatu zien. «Kuadrillek, ama-alabek, pisukideek… ere parte har dezakete. Familia bezala parte har daiteke eta baita dinamizatzaile gisa ere».
The post
Udalak Bizilagunak egitasmoan parte hartzera animatu ditu herritarrak appeared first on
Otamotz.