Zegamako elkarteek bat egin dute Cava Festaren antolaketan
Bihar eta etzi Cava Festa egingo dute Zegaman lehen urtez. Antolaketaz udala arduratu bada ere, herriko elkarte guztien parte hartzea izan da. Leire Igoa Orkatz abesbatzako kidearen esanetan, balio handia du elkarteen artean egon den elkarlanak. Festaren aurkezpenean izan dira elkarteetako ordezkariak.
Lehenengo urtez antolatu dute Zegaman Cava Festa, Kataluiniako Sant Sadurni herriarekin duten harremanaren harira. Hain zuzen ere, Sant Sadurniko zortzi cava dastatzeko aukera izango da: Jaume Giro, Vilarnau, Sumarroca, Pere Mata, Sadurni Oliver, Marques de Gelida, Agusti Torello eta Llopart.
800 botila irekitzea aurrikusi dute antolatzaileek, mota bakoitzeko ehun. Jasotako dirua, berriz, gastuak ordaintzeko baino ez da izango. “Irabazirik izanez gero, herrirako ekintzaren bat antolatzeko erabiliko da”, adierazi du Igoak.
Cava dastaketa ere izango da, Sant Sadurniko aditu baten eskutik: Xabier Roch. 19:30ean izango dira dastaketak, bihar eta etzi, eta ordu erdi inguruko iraupena izango dute.
19:00etatik 01:00etara izango da Cava Festa. Bi euroan erosi behar da kopa, eta, cavaren gamaren arabera, bi edo hiru euroan beteko dute kopa. Bestalde, botilak ere eros daitezke.
Afariak eta jatekoa. Pintxoak eta ogitartekoak emango dituzte, baita afariak ere. Hamar euroren truke, oilasko erdia, bi txorizo mutur eta bi saltxitxa mutur afal daitezke frontoian bertan. Tikeak aurrez eros daitezke herriko tabernetan, baina egunean bertan ere salduko dituzte.
Autobus zerbitzua. Inguruko herrietatik ere jendea joan dadin, autobus zerbitzua antolatu dute larunbatean eta ostiralean. 21:00etan abiatuko da autobusa Ordiziako Garagartza plazatik, eta hainbat geldiune egingo ditu Zegamara joateko: Beasaingo tren geltokian, Idiazabalgo Ampon eta Segurako plazan. Zegamatik, berriz, 23:00etan, 00:00etan eta 01:00etan aterako dira autobusak, geldiune berdinekin.