Berrogei gaztagile gaztaren herrian
Gaztak egin du ezagun Idiazabal. Euskal Herri osoan du sona Goierriko herri txikiak, baita Euskal Herritik kanpo ere. Hori dela eta, azken urteetan Idiazabalen egiten dute Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa. Gaztari esker herriak lortutako izen ona baliatuko dute, hain zuzen, gaztagintza bera sustatzeko. Artzai Gazta Elkarteak antolatuta, 31. urtez egingo dute txapelketa bihar. Urte guzti hauetan herri ezberdinetan egin izan dute, baina, azkenekoetan Idiazabalen finkatu da.
Euskal Herriko 40 gaztagilek parte hartuko dute biharko txapelketan, denak ere Artzai Gazta Elkarteko kideak. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik joango dira gaztagileak: lurralde bakoitzeko hamar onenak. Urtean zehar hainbat lehiaketa antolatzen ditu Artzai Gaztak lurralde bakoitzean, Euskal Herriko Txapelketarako sailkatuak aukeratzeko.
Gipuzkoako gaztagileak, esaterako, Lepazpiko Artzain Egunean sailkatutako lehen hamarrak izango dira. Bertan izango dira, hortaz, Jabier Muñoa zeraindarra, Karmele Murua segurarra, Olaberriako Aizpea gaztandegia, Patxi Otaegi beizamarra, Azpeitiako Berastegi Elkartea eta Elgoibarko Mausitxa, besteak beste. Iazko irabazleak ere parte hartuko du biharko txapelketan: Rikardo Remiro nafarrak.
Txapela eta kaikua jasoko ditu irabazleak. Baita 1.000 kilo pentsurako balea ere. Bigarrenak, berriz, garaikurra eta 800 kilo pentsurako balea. Eta, hirugarrenak, garaikurra eta 500 kilo pentsurako balea. Bestalde, postuetan gazta emango dute probatzeko, eta jendeak botoa emateko aukera izango du. Garaikurra eta 400 kilo pentsurako balea jasoko ditu herritarrek aukeratutako gaztagileak.
Epaimahaikideen artean, berriz, hainbat aurpegi ezagun egongo dira. Esaterako, Urko Aristi Eitb-ko eguraldi aurkezlea, baita No es país para sosos saioko Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak ere. Horiez gain, gazta adituak eta txapelketarako sailkatu ez diren gaztagileak izango dira epaileak.
Giza proba eta aizkolariak
Epaimahaiak eguerdiko 14:30eak aldera emango du erabakiaren berri. Goizean zehar, ordea, izango da zertaz gozatua Idiazabalen. Postuetan Artzai Gaztako produktuak salduko dituzte: gazta, arrain kontserbak, eztia… Bestalde, haurrentzako tailerrak ere antolatu dituzte. Gazta egiteko prozesua ikasiko dute, baita artilea erabiltzen ere.
12:00etan, berriz, herri kirolen erakustaldia izango da. Batetik, emakume talde batek giza proba erakustaldia egingo du. Ondoren, aizkolariak lanean ikusteko aukera izango da. Hori dena, sari banaketaren aurretik. Sari banaketaren ostean, berriz, bazkaria egingo dute Artzai Gazta eta Euskolabel produktuekin.
Artzainek eta ardiek ingurumenean duten garrantzia gogorarazi nahi diogu jendeari txapelketaren bitartez» «Diru laguntzak beharrezkoak dira egitura mantentzeko, noski, baina gaztarik saldu ezean alferrik da» Pablo Basterra (Artzai Gazta Elkarteko presidentea)Bazkariarekin emango diote amaiera txapelketa egunari. Dena den, sariak sari, Euskal Herriko Gazta Txapelketaren helburua Artzai Gazta indartzea eta zabaltzea da. Hala azaldu du Pablo Basterra Artzai Gazta Elkarteko presidenteak. «Artzainen lanaren bidez gure ingurumena zaintzen dugu, eta txapelketaren bitartez jendeari gogorarazi nahi diogu artzainen, ardien eta baserriaren garrantzia». Gazta salmenta, gutxitzen Basterraren esanetan, garrantzitsua da jendea sentsibilizatzea eta Artzai Gazta ezagutzera ematea. Izan ere, gero eta gazta gutxiago saltzen da, eta etorkizuna «larri» ikusten du elkarteko presidenteak. «Gero eta gaztagile gutxiago gaude, eta gaztangintza behera egiten ari da», adierazi du. Gaur egun 111 gaztagile daude Artzai Gazta elkartean, gehienak gipuzkoarrak eta nafarrak. Basterraren hitzetan, elkarteak produkzio altua du: «Idiazabal gaztaren %50 inguru produzitzen dugu». Salmentak igo ezean, ordea, Basterrak beltz ikusten du etorkizuna. «Diru laguntzak beharrezkoak dira egitura mantentzeko, noski, baina gaztarik saldu ezean alfer alferrik da dena». Basterraren ustez, bada datu kurioso bat: dendetan gazta gehiago saltzen da azoketan eta baserrietan baino. «Kuriosoa da, dendetan erostea garestiagoa baita, bitartekariengatik; lehen eskutik erostean, berriz, merkeagoa izateaz gain, jasotzen den tratua ere askoz gertuagokoa da». Salmentak igotzeko helburuarekin, Artzai Gazta sustatzea da elkartearen zeregina. Artzainen lana zabaltzen ahalegintzen dira, eta sustapenaren bidean, esaterako, txapelketak antolatzen dituzte. Horren adibide da bihar egingo duten Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa. Dena den, elkartearen lana ez da horretara mugatzen. Aurten, esaterako, akordio bat lortu dute Eroskirekin, Artzai Gazta elkarteko gazta haien saltokietan saltzeko. «Horrelako akordioetara heltzeko ezinbestekoa da elkarte baten izenean joatea». Basterraren hitzetan, horixe da elkarte baten kide izatearen abaintaila: denek batera errazago egiten dutela aurrera. Are gehiago, gaztagintza behera doan garai honetan. Hala, bihar Idiazabalen egingo duten txapelketan, irabazlea bakarra izango da, baina onuradunak elkarteko artzain guztiak izan daitezke, baldin eta helburuak bete eta jendea gutxika ekoizle euskaldunen gazta gehiago erosten hasten bada.