Arantxa Etxeberriak irabazi du Zaldibiako mondeju lehiaketa, bigarren aldiz
Zaldibian atzo ospatu zuten 20. Ardiki eguna, artzainen lana ikusarazteko eta artzaintza-mundua ohoratzeko. Tartean, hasieratik egin ohi den mondeju lehiaketa izan zen, 21 partaiderekin. Mendizabal baserriko Arantxa Etxeberriak irabazi du. 2007an ere txapela jantzi zuen. Bigarren Amaia Urkola, eta hirugarren Mari Gorostidi eta Maider Izagirre geratu dira.
Aralarren ibiltzen diren artzainen arteko gazta lehiaketan ere lehen saria Zaldibian geratu da. Jeronimo Nazabalek egindako gazta izendatu dute onentzat. Oiartzunen bizi da, baina Pagaben larratzen du artaldea. Errezilgo Aitzarte elkartea eta Amezketako Karlos Beloki izan dira bigarren eta hirugarren. Hamasei partaide izan ziren.