Goi mailako abesbatzen emanaldiak Ordizian
Estatu Batuetako eta Europako abesbatza bana izango dira Ordizian aste honetan. Hain justu ere, bihar Portland State University Chamber Choir (Portland, EEBB) taldeak eskainiko du emanaldia, eta etzi Gemma Vocal Ensemble-k (Budapest, Hungaria). Iluntzeko 20:00etan hasiko dira bi kontzertuak eliz parrokian. Asteburu honetan garatuko den Tolosako 46. Abesbatzen Lehiaketa dela-eta etorri dira bi taldeak Euskal Herrira.
Zalantzarik gabe azaroaren 9an abiatuko den Barroko Aire musikaldiaren aperitibo goxoa izango da aste honetarako Ordiziako Udaleko Kultura Sailak antolatu duena.
Portlandeko abesbatza goi mailako abestabatza da; 1975ean sortu zen. Estatu Batuetan nahiz munduko osoko hainbat txokotan lehiatu da. 2013an, esate baterako, Gorizian (Italia) Seghizzi Koru Kantuen Nazioarteko Txapelketan 15 sari jaso zituzten. Hainbat zuzendari aipagarri aritu dira abesbatzaren gidaritza lanetan: Frieder Bernius, Andrew Parrot, Robert Shaw, James DePreist, Carlos Kalmar eta Eric Ericson, besteak beste.
1996an sortu zen Hungariako Gemma Vocal Ensemble taldea «entzuleen artean kantatzeko poza zabaltzeko asmoz». Artean Zoltán Kodály Hungariako abesbatza eskolako ikasleak ziren. Abeslariek batera jarraitu zuten eta taldea eongokortu. Gaur egun 12 edo 14 abeslarik osatzen dute abesbatza eta Márton Tóth da zuzendaria. Berpizkundeko musika, moteteak, lamentazioak, Bachen kantatak eta Hungariako musikagile garaikideen kantak hartzen ditu hungariarren errepertorioak.