Azken 22 urteetan herriko parrokian egindako lana eskertu diote herritarrek, erretiratu egin baita
Ehun lagun inguru bildu ziren igandean Gabirian, Koldo Sarasolari egindako omenaldian. 22 urteren ondoren, Gabiriako parrokian meza emateari utzi dio Sarasolak, eta urte guzti hauetako lana eskertu nahi izan zioten herritarrek.
Mezarekin hasi zituzten ospakizunak. Sarasolak berak gidatu zuen elizkizuna, bere ordezkoa izango den Jesus Mari Iturrioz laguntzaile zuela. Organoa jotzen, berriz, Gillermo Aldalur eta Pepe Arzelus izan ziren.
Ospakizun berezietan egin ohi duen bezala, bertso batzuk ere bota zituen Sarasolak mezan. Horrez gain, Xabier Barriolak eta herriko haurrek
Gure aita berezia abestu zioten.
Elizkizuna amaitzeko, Goruntz dantza taldekoek aurreskua eskaini zioten, eta bi bertso abestu zizkioten Aratz eta Euxebio Igartzabalek. Edurne Muruak, berriz, olerki bat eskaini zion.
Bazkaria Kortan. Behin meza amaituta, Korta jatetxera joan ziren bazkaltzera. Jan edanean ederki egon ondoren, Euxebio Igartzabalek idatzitako hiru bertso abestu zizkioten Sarasolari denen artean, eta hainbat opari egin zizkioten: organoei buruzko liburua, kardus botila eta makila.
Oparitu zioten makila, gainera, berezia zen. Sarasolaren bi egur gustokoenez egina zegoen: hagina eta astigar zuria. Eta heldulekuan bere argazkia zuen.
Gustora agertu zen Sarasola, eta bere ordezkoa ere bera bezain ondo tratatzeko eskatu zien omenaldira joan zirenei.
Ostiraleko Goierriko Hitzan, Koldo Sarasolari egindako
elkarrizketa irakurtzeko aukera izango da.