Legazpiko Agirre-Etxeberri etxean txikizioa egin dute
Asteburuan txikizioa egin zuten Legazpiko Agirre-Etxeberri etxean eta bere lorategian. Hormetan pintaketak egin zituzten, lorategian bizikletan ibiltzeko zirkuitu bat egin zuten eta hamabost leiho eta pertsiana bat hautsi zituzten. Kultur etxe ondoko igogailua ere puskatu zuten eta oraindik ez dago jakiterik noiz erabili ahal izango den.
Agirre-Etxeberri Patrizio Etxeberria enpresariaren etxea zen eta iaz udalaren eskuetara pasa zen. Bertan, musika eskola egingo du. Lorategia, berriz, irailean ireki zen herritarrentzat. Udalak agiri bat plazaratu du eta bertan kalteak «izugarrizkoak» direla esan du.
Azkenaldian txikizio gehiago egon dira Legazpin. Agorreko Santikutzetako asteburuan Bikuña futbol zelaian sartu ziren: plazako aparkalekutik hartutako su itzalgailuak hustu zituzten kirol guneko pistan, aldagela inguruan eta harmailetan, harmailetan eta zelaian bertan botila festa egin zuten eta auto bat berdegunera sartu zuten.