Sarah Ugarte bosteko idealean
3 eta 2 irabazi zion Estanda Ordiziak Gironella FSri
Zalantzarik gabe larunbat arratsaldeko goleatzaile bihurtu zen Sarah Ugarte. Estanda Ordiziari garaipena eman zioten hiru golak sareratu zituen, emakumezkoen areto futboleko zazpigarren jardunaldian. Hala, egindako lana aitortu dio Ugarteri Futbol5Sala atariak zazpigarren jardunaldiko bosteko idealean postua emanez.
Norgehiagoka amaitzeko 15 segundu eskas falta zirenean bereganatu zituen behin betikoz hiru puntuak Estanda Ordiziak Gironella FSren aurkakoan; 3-2 irabazi zuten. Garaipena eskuratuta hamaikagarren postura egin dute salto ordiziarrek; 7 puntu bildu dituzte orain arte. Ourense CF Envialia taldearen aurka jokatuko dute asteburu honetan.
Biharko Goierriko Hitzan izango da irakurgai larunbateko kronika.