Atzegi adimen urriko pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak aurtengo kanpaina aurkeztu berri du. Maialen Arratibel eta Koldo Ibañez beasaindarrak dira kanpainaren protagonistak
Adimen urritasuna duten lagunek, asko dute emateko. Horixe da
Atzegiren aurtengo kanpainako leloa, eta halaxe baieztatzen dute, Koldo Ibañez eta Karmele Ayesta beasaindarrek: «Fidelak dira, oso maitakorrak, detaile asko dituzte, konstanteak dira… Amigos para siempre abestia jartzen dute Txolarten, eta abestiak esaten duen guztia dira. Bizitza beste erritmo batean hartzen irakasten dizute, unea gozatuz. Pertsona hobea izatera bultzatzen zaituzte».
Ayestak adimen urritasuna duen alaba bat du:
Maialen Arratibel. Neska polita da, goxoa, alaia, pertxenta, eta bere inguruko asko baino ausartagoa. Ametsak ditu: handitan argazkietako modelo izan nahi du, ospetsua izan nahi du. Eta bide onetik doa, Atzegiren aurtengo kanpainako protagonista baita, Ibañezekin batera. «Oso gustura» dago horregatik.
Beasain Institutuan ari da ikasten egun, ZIGeko gelan. Bere adineko gehienei bezala, ez zaio asko gustatzen eskolara joatea, baina, geroari ateak irekitzeko egin beharrekoa dela, badaki.
Ikasketa horiek amaitutakoan
Pauso Berriak programan sartzen saiatuko dira, lan integratzaileetan lan egiteko aukerak izan ditzan: «Urtebeteko praktikak egiten dituzte hoteletan, eskoletan, udaletxeetan… eta kontratua berritzeko aukera izaten dute horietako batzuetan», dio Ayestak. Lan bat izateaz gain, heldua, independentea izatera iritsi nahi du Maialen Arratibelek: «Atzegik Ezkiagan etxe batzuk ditu, eta adimen urritasuna duten zortzi lagun bizi dira bertan, begirale batekin. Hara joan nahi du Maialenek», dio amak.
Aurtengo kanpainako argazkian lagun du Ibañez. Beasaingo festetan
Atzegiko lagunek danborradan, txistorra banatzen eta elkarteen lehiaketa gastronomikoan parte hartu izana, berari esker izan da, hein handi batean.Bihotzez eskertzen dio egindakoa Ayestak: «Orain arte, festak iristen zirenean, Donostiara joan ohi ginen, Maialenek Beasainen kuadrilarik ez zuenez, erdi-ihesean. Eta, aurten, festetan parte hartzeko aukera izan dute, eta primeran pasa dute. Loinatz abesbatzekoen danborradako afarian ia soberan geunden gurasoak, oso ondo tratatu dituzte. Ederra izan da».
Ehunmiliak lasterketaren antolakuntza lanetan ere lagundu zuten Atzegikoek, partehartzaileei materiala banatzen.
Horixe da nahi dutena: gainerako guztiak bezala,
gizartearen parte sentitu. Eta uste baino askoz ere gehiago eman dezakete, aurtengo leloak esaten duen bezala. «Eginbehar bat emanez gero, puntuz puntu esandakoa egiten dute. Oso finak dira, eta beraien irribarrearekin oso gustura aritu ginen gainerakoak ere lanean», dio Ibañezek.
Pasa den ostegunean aurkeztu zuten
Atzegiren aurtengo kanpaina Legazpin eta Beasainen. Aurten, adimen urritasuna duten lagunekin selfie bat atera eta Facebook, Twitter edo Whatsappez (609 70 37 06 telefono zenbakira) banatzeko eskatu dute. Koldo Ibañezen esanetan, «barra-barra» ari dira iristen selfieak. Baina, gustura hartzen dituztenez, jarraitzeko deia egin dute.