Elkarbizitzari buruz mahai-ingurua egingo dute sentsibilitate askotako ordezkariek Ataunen
Ataungo elkarteak eta udala elkarlanean garatzen ari diren Memoria Historikoari buruzko jardunaldietan, gaur hitzaldia izango da. Elkarbizitzarako biderik ba al dago? galdera botako dute mahaira, eta sentsibilitate politiko askotako elkarteetako ordezkariek erantzungo dute. Hizlarien artean, Aintzane Ezenarro izango da bat, Eusko Jaurlaritzaren Bakea eta Elkarbizitza Sailekoa. Lokarriko Paul Riosek ere parte hartuko du, baita presoen eta iheslarien aldeko Harrera elkarteko Karlos Ioldi ataundarrak, eta Etikarte elkarteko Patxi Meabek ere.
Mahai-ingurua gaur (osteguna) 19:00etan hasiko da, Ataungo udaletxeko batzar aretoan. Jon Aizpurua kazetariak gidatuko du solasaldia.