Egitasmo horiek Ordizia Zabalik parte hartze prozesuan eta auzoz auzoko dinamikan jasotako ekarpenak dira
Gaur iluntzeko 19:00etan egingo da Ordizia Zabalik partaidetza prozesua eta auzoz auzo garatu den dinamika borobiltzeko
osoko bilkura. Ordiziako Udalak 2015eko aurrekontuetan txertatuko diren hainbat proiektu ezagutzera emango ditu.
Egitasmo horiek eragileekin jorratu den Ordizia Zabalik partaidetza prozesuan eta auzoz auzoko dinamikaren barruan egindako bost bileretan jasotako ekarpenetatik eratorriak dira. Lehenetsi zituzten 45 proiektu horietako batzuk martxan daude dagoeneko, beste hainbat, berriz, 2015eko aurrekontuetara egokitzeko modukoak dira. Badira hausnarketa sakonagoa eta inbertsio ekonomiko handia eskatzen dutenak ere. Prozesuan zehar landu ez diren beste hainbat proposamen banakako bileretan aztertzen ari da udala herriko eragileekin.
Parte hartze prozesuak orain arte eman duenaz
balorazio baikorra egin du Ordiziako Udalak; “bai partaidetza aldetik, eta baita eragileek zein herritarrek Ordizia hobetzeko egin duten proposamen kopuruagatik eta erakutsi duten konpromisoagatik ere”.
Edonola ere, prozesua ez da gaurko osoko bilerarekin amaituko.
Azaroan aurrekontuen lanketa orokorra egingo da, eragileekin hasitako banakako bilerei jarraipena emango zaie, eta abenduko osoko bilkuran onartuko dira 2015eko aurrekontuak.
PROZESUAREN KRONOLOGIA
- Ekainak 19: Ordizia Zabalik prozesuaren aurkezpena herriko eragileei.
- Irailak 18: Lehen lan bilera. 295 ekarpen jaso ziren bertan: 181 herrira begirakoak eta 114 elkarteei dagokioenak.
- Urriak 2: Bigarren lan bilera. Lehentsitako proiektuen aurkezpena eragileei.
- Urriak 6, 7, 8, 9 eta 13: Auzoz auzoko bilerak bost eremutan banatuta, hirugarren urtez. 150 ekarpen jaso ziren.