Urkijok Goierriko lau udali helegitea sartu die, Udalbiltza laguntzeagatik
Udalbiltzari udalek diru ekarpenak egitea ez da legezkoa, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Carlos Urkijoren arabera. Hala, erabaki hori hartu duten Goierriko lau udal auzitegi bidean jarri ditu, helegite bana aurkeztuta. Ezkio-Itsaso, Segura, Arama eta Zaldibiako udalek jaso dute, edo aurki jasoko dute helegitearen berri. Guztira, Hego Euskal Herriko 25 bat udalen aurka egin dute.
Urkijok hiru administrazio egintzen aurka sartu ditu errekurtsoak: Udalbiltza partzuergoko kideen kuota ordainketa; partzuergoaren eta udalen arteko lankidetza; eta udal aurrekontuari berari buruzkoa, partzuergoarentzat diru sailik jasotzen badu.
Udalbiltzak, bere aldetik, erakunde nazionalaren finantzabidea itota uzteko borondatea ikusi du erabaki horren atzean. Udabiltzak “zilegitasuna” baduela, eta udalek partzuergoetan antolatzeko eskubidea dutela defendatu du Udalbiltzaren biltzarreko lehendakari Mertxe Aizpuruak.