Argazkia: Pedro Churruca.
Aukera ona du Ampo Ordiziak larunbat honetan Getxon irabazteko, aurreko asteburuan Altamiran Cisnerosen aurka galdu eta gero. Beharrezko ikusten du Ordizia Rugby Elkarteak ligako zazpigarren jardunaldian Getxo Arteari irabaztea, sailkapenean pare parean daudelako. Getxon galduz gero eta FC Barcelonak irabazi, promozio postuetara eroriko litzateke Goierriko taldea. Gaur gaurkoz, bederatzigarren postuan dago talde ordiziarra 9 punturekin.
Norgehiagoka parekaturen ondoren, ezinezko izan zuen Getxok garaipena lortzea Vigon joan zen jardunaldian. “Zauriak agerian ditu eta etxekoei irabazteko gai dela erakutsi nahiko die lehen minututik”, diote klubetik. Tinko eutsi beharko dio Ampo Ordiziak partida osoan Getxori, bere jokoa nagusitzeko ahalegina eginez irabazi nahi badu.
Talde bizkaitarrean nabarmentzekoa da Brad Linklater jokalaria. Joko irekitzaile lanetan aritzen da eta iaz goierritarren defentsa behin baino gehiagotan hautsi zuen. Tanto asko lortzen ditu Linklaterrek habeetara jaurtitzean.
Ampo Ordiziari dagokionez,
baja izango da oraindik ere Oier Goia idiazabaldarra, Portugalen jarraitzen baitu 19 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Europako Txapelketa jokatzen. Zalantzen zerrendan daude
Asier Arretxea, Corey Simpson, Phil Huxford eta Hanno Kitshoff. Baztandarrak Bartzelonatik ekarritako zauriekin jarraitzen du; Simpson eta Huxford zuntz haustura gainditzen ari dira eta ikusteko dago aste honetan bertan Hegoafrikatik iritsi den Kitshoff nola egokitzen den biharko. Ez du lan erraza aurretik Ampo Ordiziak Bizkaian.
Partida bertatik bertara ez bada, telebistaz ikusi nahi dutenentzat ETBk emango du lehen katean igandean 14:00etatik aurrera.