Nekane Munduateren erakusketa irekita hasiko da bihar Udazken Kulturala Lizarrustiko Parketxean
Zeramika lantzen du Nekane Munduate artista ataundarrak. Ilintia izeneko bilduma osatu du, eta bihar erakusketa irekiko du Lizarrustiko parketxean (Ataun). Azaro osoan egongo dira eskulanak ikusgai. Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak liburuko testu batean oinarrituta jarri dio izenburua Ilintia. “Putz batekin alda baitezakezu ongiaren eta txarkiaren balantza; maiatasunaren eta gorrotoaren balantza; irriaren eta negarraren balantza; bizitzaren eta heriotzaren balantza; ezaren eta baietzaren balantza…”.
Lizarrusti Parketxeak beste bi kontzertu ere sartu ditu azaroko kultura eskaintzan. Bihar bertan (larunbata, azaroak 1), Urko Menaia abeslariaren kantaldia izango da, aterpetxean. Ondoren, gaztaina erreak eta sagardoa aterako dituzte.
Azkenik, azaroaren 29rako Uluka taldearen kontzertua antolatu dute.