Goierri, Kataluniara begira
Gerturatzen ari da azkenaldian ahoz aho, egunkariz egunkari eta auzitegiz auzitegi ibili den eguna. Etzi bertan da A-9a, azken urteetan data garrantzitsu guztiek bezala dagoeneko laburdura duen eguna. Ezustekorik ezean, kataluniarrek euren burua estatu espainiarretik kanpo nahi duten ala ez esateko aukera izango dute etzi, Artur Mas presidenteak deitutako kontsulta alternatiboan. Alternatiboa, hasierako galdeketa bertan behera uzteko agindua eman baitzuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. «Ez dakigu azkenean zein egitura izango duen galdeketak, baina, nire ustez, parte hartze handia izango da, eta estatu berri bat sortzearen aldeko jarrera nagusituko da», adierazi du Andoni Santoyo ordiziarrak. 22 urte daramatza Bartzelonan bizitzen; soinu teknikari ikastaro bat egitera joan zen, Goierrira itzultzeko asmotan, baina han geratu da lana eta bikotea aurkituta. Etziko galdeketan parte hartuko du Santoyok. «‘Si i si per canviar-ho tot’ izango da nire aukera: bai eta bai, dena aldatzeko». Eta gehiengoaren aukera ere horixe izango dela uste du. «Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin», adierazi du. «Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin» Andoni Santoyo (Bartzelonan bizi den ordiziarra) Bartzelonan daramatzan 22 urteetan aldaketa handiak nabaritu ditu Santoyok. Hasieran, hara joan zenean, konturatu zen sentimendu kataluniarra Diada edo Sant Jordi egunetan baino ez zutela aldarrikatzen. «Euskal Herrian eguneroko kontua zen, kalean [...]
«Jendea aspertuta eta nazkatuta dago Espainiatik jasotako mespretxuarekin» Andoni Santoyo (Bartzelonan bizi den ordiziarra)Bartzelonan daramatzan 22 urteetan aldaketa handiak nabaritu ditu Santoyok. Hasieran, hara joan zenean, konturatu zen sentimendu kataluniarra Diada edo Sant Jordi egunetan baino ez zutela aldarrikatzen. «Euskal Herrian eguneroko kontua zen, kalean zegoen zerbait; Bartzelonan, ordea, ez zen horrelakorik somatzen kaleetan». Inflexio puntua 2010ean Azken urteetan, hala ere, gaia kalera atera dela ikusten du Santoyok. «Ikusi besterik ez dago zenbat estelada dauden balkoietatik zintzilik urte guztian zehar», esan du. Eta jendearekin hitz egiteko garaian ere nabari du desberdintasuna. «Lehen nik atera behar nuen gaia, baina orain eguneroko kontua da lankideekin, esaterako, independentzia prozesuaren gaiaz aritzea». Santoyoren ustez 2010ean egon zen inflexio puntua, Auzitegi Konstituzionalak Estatut berria atzera bota zuenean. «Mespretxatuta sentitzen hasi zen jendea; beren izaera ukatzen ari zitzaizkiela sentitzen zuten kataluiniarrek». Behetik gorako prozesua Azaroaren 9a gainean duten honetan, urduritasuna nabari du Santoyok kalean. «Jendeak barneratuta dauka une historikoak direla, eta Kataluniaren etorkizuna jokoan dagoela». Halaxe uste du Eli Zunzunegi (Legorreta, 1966) kazetariak ere, egun historikoa izango dela etzikoa. «Ez dut zalantzarik egun arrakastatsua izango dela, galdeketa egon ala ez», adierazi du. 1993az geroztik bizi da Zunzunegi Katalunian, eta EITBko berriemale modura egiten du lan.
«Kataluiniarrek asko zaindu dute nazioarteko komunikazioa, lehen momentutik» Eli Zunzunegi (EITBko berriemalea Katalunian)Azken urteetan Euskal Herrian eman diren mugimendu politikoak eta sozialak gertutik jarraitu ez baditu ere, Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuak oso ezberdinak direla uste du Zunzunegik. «Katalunian behetik gora eman da mugimendua; urtetako mugimendu soziala egon da, oso indartsua, eta horrek erantzun politiko bat izan du». Euskal Herrian, berriz, mugimendua alderantzizkoa izan den irudipena du Zunzunegik. «Adibidez, Lizarra Garaziko prozesuan edota Ibarretxek bere plana aurkeztu zuenean, iruditzen zait politikoek eman zutela lehen pausoa, eta ez gizarteak». Geratu ezin den olatua Hala, Kataluniako prozesuaren gakoa jendearen ekimena izatea da, Zunzunegiren hitzetan. «Horrelako olatu bat geratzea oso zaila da». Euskal Herrian, ordea, denok ados jarri eta helburu bateratu batengatik lan egitea falta dela uste du. «Jendearen mobilizazioa behar da lehenik, eta gero etorri beharko du erantzun politikoak». Prozesu horrek, dena den, denbora behar du Zunzunegiren esanetan. «Ezin da inposatutako zerbait izan». Azken urteetan, Euskal Herria Kataluniari begira jarri dela ere ikusi du Zunzunegik, eredua kopiatuz-edo. Kataluniakoaren ostean Euskal Herrian egindako giza katea da horren adibide garbiena. «Eta ez dut esan nahi hori txarra denik; eredu ona bada, zergatik ez kopiatu». Alderantzizko jarrera, ordea, ez du ikusten. «Kataluniak ez du Euskal Herriko eredua kopiatzen, baina egia da hango akatsetatik ikasi dutela». Nazioarteko oihartzuna Nazioarteko komunikazioari dagokionez, esaterako, Kataluniak lan handia egin duela iritzio dio legorretarrak. «Lehenengo momentutik ulertu zuten oso garrantzitsua zela nazioarteko komunikazioa lantzea, Espainiaren gainetik badaudelako erabaki handiagoak har ditzaketen instituizoak». Zunzunegiren ustez, Kataluniak urtetan egin duen inurri lanaren ondorio da, esaterako, azken urteetako Diadek nazioartean izan duten oihartzuna. Zunzunegik ez du zalantzarik azaroaren 9ak ere lortuko duela oihartzuna nazioartean, baita azken momentuan galdeketarik egiten ez bada ere, kalean mugimendu handia izango baita. «Estatuak gero eta debeku gehiago ezarri, orduan eta gehiago piztuko da herria», esan du. Etziko kontsultak balio juridiko «eskasa» izango du Zunzunegiren ustez, baina balio politiko handia, kataluniarrek erakutsiko dutelako beren etorkizunari buruz erabaki nahi dutela. «Inkestek esaten dute %56 inguru dagoela independentziaren alde, baina kalean baiezko jarrera handiagoa dela somatzen da».