Goierriko ahotsak, distiratsu telebistan
Urrian hasi ziren ETB1-eko A ze banda saioa emititzen. Euskal Herriko ahots banda ezberdinek parte hartu dute bertan, eta saioz saio taldeak kaleratzen joan dira. Goierriko bi taldek, ordea, programan jarraitzen dute oraindik, eta epaileen iritzi oso onak jasotzen ari dira: Lazkaoko The Kites boskotea, eta Ordiziako Twin melody ahizpak. Udan grabatu zituzten saioak, eta abenduko lehenengo astean emango dute finala. Ordiziako Aitana eta Paula Etxeberria ahizpa bikiek osatzen dute Twin melody bikotea. Telebistako programa batean parte hartzen duten lehen aldia da, baina ohituta daude kamera aurrean. Izan ere, sarera igotzen dituzte beren bideoak, eta milaka bisita jaso dituzte. Aitana Etxeberriaren hitzetan, «esperientzia oso ona» izan da A ze banda saiokoa. «Astean behin piano jotzailearekin egotera joaten ginen, eta beste egun batean grabatzera». Epaileek esandakoarekin, berriz, konforme daude Etxeberria ahizpak. «Hobetzeko gomendioak ematen zizkiguten, eta kasu egiten genien». The kites ere, aurrera Lazkaoko The kites boskoteak ere aurrera jarraitu du aste honetako programan, Gose taldearen Lokartu arte abestiarekin. Aizpea Garmendia taldekideak adierazi duenez, A ze banda saiorako elkartu zen taldea. «Aurretik ez genuen elkar asko ezagutzen, eta programak balio izan digu harremana indartzeko». Lazkaoko musika eskolako irakasleen laguntza izan dute programarako entseguak egiteko. «Oso esperientzia ona izan da, eta asko ikasi [...]
Urrian hasi ziren ETB1-eko A ze banda saioa emititzen. Euskal Herriko ahots banda ezberdinek parte hartu dute bertan, eta saioz saio taldeak kaleratzen joan dira. Goierriko bi taldek, ordea, programan jarraitzen dute oraindik, eta epaileen iritzi oso onak jasotzen ari dira: Lazkaoko The Kites boskotea, eta Ordiziako Twin melody ahizpak. Udan grabatu zituzten saioak, eta abenduko lehenengo astean emango dute finala.
Ordiziako Aitana eta Paula Etxeberria ahizpa bikiek osatzen dute Twin melody bikotea. Telebistako programa batean parte hartzen duten lehen aldia da, baina ohituta daude kamera aurrean. Izan ere, sarera igotzen dituzte beren bideoak, eta milaka bisita jaso dituzte.
Aitana Etxeberriaren hitzetan, «esperientzia oso ona» izan da A ze banda saiokoa. «Astean behin piano jotzailearekin egotera joaten ginen, eta beste egun batean grabatzera». Epaileek esandakoarekin, berriz, konforme daude Etxeberria ahizpak. «Hobetzeko gomendioak ematen zizkiguten, eta kasu egiten genien».
The kites ere, aurrera
Lazkaoko The kites boskoteak ere aurrera jarraitu du aste honetako programan, Gose taldearen Lokartu arte abestiarekin. Aizpea Garmendia taldekideak adierazi duenez, A ze banda saiorako elkartu zen taldea. «Aurretik ez genuen elkar asko ezagutzen, eta programak balio izan digu harremana indartzeko».
Lazkaoko musika eskolako irakasleen laguntza izan dute programarako entseguak egiteko. «Oso esperientzia ona izan da, eta asko ikasi dugu», esan du Garmendiak. Telebistan, gainera, «natural» ikusi dute euren burua, eta gustura agertu dira. «Kamera aurrean ez gaude ohituta, eta kezkatuta geunden artifizial jokatuko ote genuen».
Bi taldeek egin dute distira programan, baina finala emititu arte itxaron beharko da bietako batek irabazi duen ala ez jakiteko. Izan ere, biek ala biek, ongi gorde dute sekretua.