Reyes Prados aurkezlea dago mintzalagunen artean, saioa amaitu baino lehen bere esperientzia kontatuko du

Legazpiko Latxartegi aretoko sarreran 50 lagun ari dira, hainbat mahaitan banatuta, bidaiei, arbasoei, telebistari zein euskarari buruz euskaraz hitz egiten. Zingi Zango elkarteak antolatu du kafe solasaldia, eta Latxartegira bildu diren legazpiar horien guztiei Reyes Prados ETBko aurkezlea batu zaie. Mahaietako solasaldiak amaitzen dituztenean, Pradosek bere esperientzia kontatuko die. Sevillarra bera, euskara ikasten ari da buru-belarri. Pradosek euskara hizkuntza “zaila” dela esango die bere mintzalagunei, “baina zailtasun horretan datza, hain zuzen, bere xarma”.

Hitzak, joskerak zein soinuak dena berria izan da Pradosentzat, hala ere, berak erronka gisa hartu zuen euskara ikastea. Hasieran, ingurukoek are zailago jarri zioten euskara ikastearena, baina “euskaldun batzuk ezagutu nituen eta haien bitartez zuentzat euskara zeinen garrantzitsua den ikasi nuen; konturatu nintzen hizkuntza dela kultura bati benetako nortasuna ematen diona”. Aurreko urteko urrian izena eman zuen euskaltegian eta orduz geroztik bost orduz ikasi du egunero euskaltegian, bi perfilak lortu ditu eta EGA lortu bidean dago, ez da hori, halere, bere helburua: “Nik euskaraz komunikatu nahi dut eta euskara ulertu nahi dut, ulertzea ere ez da erronka makala”.