Beldur Barik topaketa egingo dute larunbatean Urretxun eta Zumarragan
Goierri garaiko gazteek zazpi lan aurkeztu dituzte ikus-entzunezkoen lehiaketara; guztira, 224 lan jaso dituzte
![OLYMPUS DIGITAL CAMERA](http://goierri.hitza.eus/site/files/2014/11/P1010103.jpg)
“Lan gehienak ez dira indarkeria fisikoan zentratu, indarkeria hori eragiten duten faktoreetan baizik”.Ibon Uribe Eudeleko ordezkariak tokiko erakundeen lanari jarri dio azpimarra. Izan ere, Beldur Bariken jaso dituzten lan gehienak 10.000ti behera biztanle dituzten herrietatik jaso dituzte. Bide batez, sarean lan egiteak proiektu hau herri txikienetara zabaltzeko aukera ematen duela ere adierazi du. Kopuru zehatzak eman ditu Uribek, hala nola, 59 udalerrietako eta sei mankomunitatetako lanak jaso dituztela esan du, “guztira 90 bat herrietatik datozen lanak dira”. Bideoetan jarrera aktiboagoak identifikatu dituztela berretsi du Uribek,
“Gazteek hainbat jarrera antzeman dituzte: emakumeek ez dituztela hainbat kirol egiten, janzkera motagatik kritikak jasotzen dituztela, mutilek neskei txaten bidezko kontrola ezartzen dietela sakelakoaren bitartez edota estereotipo matxistak indarrean daudela, esaterako: mutilak ezin direla sentiberak izan”.Xabier Legarreta Bizkaiko Foru Aldundiko berdintasun zuzendariak Genero Indarkeriaren Behatokiak zehaztu berri dituen zenbait adierazle azaldu ditu. Hain zuzen, indarkeria jasaten duten emakumeen soslaia gero eta hauskorragoa dela ondorioztatu du Behatokiak Legarretaren arabera: “Emakume gazteak, jatorri atzerritarrekoak, familia kargak dituztenak eta indarkeria ez da, gainera, nozitzen duten arazo bakarra. Arazo horiek, oro har, laguntza zailtzen du”. Edozein kasutan, biktimei eman beharreko laguntza ezinbestekotzat jo eta gero, indarkeria saihesteko bidea egin behar dela nabarmendu du Legarretak. Laura Gomez Gipuzkoako Foru Aldundiko berdintasun zuzendariak, bere aldetik, emakumeek pairatzen duten ezberdintasun materialean jarri du arreta: “Badakigu ezberdintasun horren gainetik ere indarkeria egon badagoela asko baitira ezberdintasunari bultzada ematen dioten bozgorailuak. Dena dela, baliabideen ezberdintasunari heldu egin behar zaio”. Gomez Urola Garaiko berdintasun teknikaria izan zen urteetan eta, ordutik, mankomunitatean martxan jarri diren egiturak goraipatu ditu, tartean, jabekuntza eskola. Larunbateko topaketen egitaraua:
- 16:00-16:30. Ongi etorria, autobusean iritsiera Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera.
- 16:30-19:30. Tailerrak (gure gorputzaren jabe: hilekoa bizitzeko moduak, desiraren laborategia, autodefentsa feminista eta rap feminista)
- 19:30-20:00. Kalejira.
- 20:00-20:30. Mokadutxoa
- 20:30-22:15. Sari banaketa Urretxuko Labeaga aretoan eta lanen emanaldia
- 22:15. Irteera autobusez Urretxutik.