Jesus Mari Debak irabazi du Ormaiztegiko jaietako odolki lehiaketa
Gaur amaituko dira San Andres jaiak, haurrentzako jolasak, pilota partidua eta La Jodedera taldearen kontzertuarekin
San Andres jaien azken txanpan sarturik daude ormaiztegiarrak. Ekitaldiz beteriko asteburuaren ostean, gaur emango diete amaiera aurtengo jaiei. Haurrentzako egurrezko jolasak izango dituzte 17:30ean, Zumalakarregi kaleko karpan. 18:00etan, berriz, profesionalen arteko pilota partida jokatuko dute: Olaizola I eta Gorrotxategi, Urbieta eta Goñiren aurka. Eta jaiak giro onean amaitzeko, La Jodedera taldearen kontzertua izango da 19:00etan, Muxika egurastokian.
Odolki eguna. Atzo egin zuten odolki eguna, San Andres egunean. Euskal Herriko produktuen azoka egon zen goizean zehar, eta hainbat lehiaketa jokatu zituzten. Hala nola, odolki lehiaketa, odolkiaren osagaien lehiaketa eta odolkiarekin egindako platerena. Sariak:
- XXVIII. Odolki Lehiaketa: Jesus Mari Deba.
- Txerri onena: Berrobiko Lesmes baserria eta Ezkio-Itsasoko Urkulegi baserria.
- Tipularik onena: Juanita Murgiondo (Mutiloa).
- Porru, perrexil eta oreganoa: Maria Etxezarreta (Gabiria).
- Postuaren aurkezpena: Maria Etxezarreta (Gabiria).
- Odolkiarekin egindako plater onena: Jesus Lerma (Ormaiztegi).
- Odolkiarekin egindako plateretan, aurkezpen onena: Bittor Martin (Ormaiztegi).













