Gaztarekin zerikusia duten hamar herrik sortu dute elkartea, elkarlana sustatzeko; Idiazabalen egin dute lehen foroa, eta martxoan berriro elkartuko dira
Espainiar estatuko bederatzi herritako ordezkariak bildurik daude atzo eta gaur Idiazabalen, Gaztaren Europar Bidea elkartearen lehen foroan. Sentsibilitate politiko ezberdinetako herriek bat egin dute proiektu honetan, baina gauza bat dute denek amankomunean: gazta. Elkarlanerako akordioa sinatu dute hamar herriek, aurrerantzean proiektu komunak aurrera eramateko.
Gaztaren Europar Bideak gaztaren baitako
turismo gastronomikoa baliatu nahi du, herri horien garapenerako. “Turismoa ez da helburua, gure herrietako abeltzaintza eta gainontzeko ondarea sustatzeko baliabidea baizik”, adierazi du Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak. Horregatik egin dute bat hamar herriek: lankidetzaren bidez proiektu ekonomikoak aurrera eramatea errazagoa izan dadin.
Gaztatik haratago doa, hortaz, Gaztaren Europar Bidea elkartea. Oraingoz hamar herri elkartu badira ere, Imazek argi utzi nahi izan du ez dela elkarte itxia, eta lehen foro honen ostean Europako herri gehiago gehitzea espero dute.
Oraindik elkarlanerako akordio bat baino ez da Idiazabalen sinatu dutena. Martxoan elkartuko dira berriro, eta, gutxika, proiektuak sortzen eta gauzatzen joango diren esperantza dute.
Gipuzkoako Foru
Aldundiak babesa eman dio proiektuari. Iker Ruiz de Egino kanpo harremanetako eta turismoko zuzendariaren esanetan, “ohore” bat da Gipuzkoan sortu izana.
Hamar udalerri hauek dira Gaztaren Europar Bidea elkartean bat egin dutenak (batzuek jatorri izendapeneko gazta dute, baina ez denek): Idiazabal, Mao (Balearrak), Manzanares (Ciudad Real), Morales del Vino (Zamora), Casar de Caceres (Caceres), Cabrales (Asturias), Ripoll (Girona), Peñamellera Alta (Asturias), Uharte Arakil (Nafarroa) eta La Seu d’Urgell (Lleida).