Beheko solairuko paretak margotu dituzte, eta orain gaztetxeak aurrerantzean jarraitu beharko lukeen bidea eztabaidatzen ari dira; gauean Salda Badago taldearen kontzertua izango da
Bost hilabetez itxita egon da Urretxu-Zumarragako gaztetxea. Beheko solairua apur bat txukuntzen jardun dira denbora honetan. Paretak margotu dituzte, traste zaharrak atera dituzte, argi instalakuntzak berritu dituzte, eta leihoetako pegatinak ere kendu dituzte, kanpotik argitasun gehiago sar dadin. Gaur bertan ireki dute berriro gaztetxea, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.
Besteak beste, garai zaharrak oroitzeko bideo emanaldia antolatu dute arratsalderako. 23:00etan, berriz,
Salda Badago erromeria taldearen kontzertua izango da. “Herriko taldea da, eta gaztea, hortaz, jende ugari erakartzea espero dugu”, adierazi du Nerea Altolagirre gaztetxeko kideak.
Hausnarketa prozesua. Urretxu-Zumarraga gaztetxeak ez du hormetako kolorea bakarrik aldatu nahi. Funtzionamenduan eta lan dinamiketan ere aldaketa sakona egin nahi dute, eta, horretarako, hausnarketa prozesu bat ari dira aurrera eramaten herriko gazteekin. “Konturatu ginen beti jende berdina ibiltzen zela gaztetxean, eta lan egiteko modua birplanteatzeko beharra ikusi genuen, gazte gehiago erakartzeko”, adierazi du Eider Urrestarazuk.
Hori dela eta, tertulia egin dute gaur eguerdian, lan dinamika berriak nolakoak izan beharko liratekeen elkarrekin pentsatzeko. Taldetan banatuta, bakoitzaren ideiak eta ikuspuntuak elkarbanatu dituzte. “Belaunaldi berriek gaztetxea nola ikusten duten jakin nahi dugu, eta planteamendu berriak ateratzea”, esan du Altolagirrek. “Gaztetxekook egin izan ditugu gehiagotan hausnarketa prozesuak, baina, kanpokoen ikuspuntua falta zitzaigun”.
Urrestarazuren ustez ere, garaiak aldatu diren heinean, gaztetxearen funtzionamenduak ere aldatu egin behar du. “Askotan gaztetxea parrandarekin eta kontzertuekin lotzen da, baina gaztetxe batek gauza gehiago eskaini behar ditu”.
Gazteak erakartzeko ahalegin horretan, azken hilabeteetako obretan haien parte hartzea bilatu dute, gaztetxearekiko inplikazioa areagotzeko eta gaztetxea benetan zer den ikusteko. Gaurko tertulian ateratzen diren ideia berriak kontuan hartuta, aurrerantzean ere ekintza gehiago antolatu nahi dituzte belaunaldi berriengana iristeko.
MusiKUaldia. Abenduaren amaierarako MusiKUaldia prestatzen ari dira gaztetxekoak. Abenduan 26an hasita, kontzertuak izango dira gauetan gaztetxean.